Langile jendearen eguna (Astekaria 185. Editoriala)
Maiatzaren Lehena langileak elkartu, klase izaera berretsi eta aldarrikapenak eta borrokak plazaratzeko eguna da.
Jakinak da langileok lantegi mailan bizi dugun egoera. Ugazabek legedia, babes politikoa eta kapitalaren neurrira eginiko ekonomia baliatzen dituzte langileok gero eta estuago hartzeko. Eta erasoari aurre egiteko geure indarra besterik ez dugu.
Erakusten ari gara, halere, antolatu eta borrokatzen dugunean, badakigula geure burua errespetarazten. Hori erakutsi digute negoziaziorik gabe urteak zeramaten sektoretako beharginek, azpikontratetako langileek, prekarietateak eta bereizkeriak kolpatutako emakumeek, mobilizazioari ekin eta, borrokari esker, hobekuntza nabarmenak lortu dituztenean.
Langilearen bizitza ez da, baina, lantokian amaitzen; eta ondasunen banaketa justuagoaren eskaria, ere ez. Hori nabarmendu nahi izan du ELAk aurtengo Maiatzaren Lehenean. Izan ere, gizarte ereduak (pentsioak, hezkuntza, osasuna, etxebizitza, menpeko pertsonen zaintza, e.a.) soldatak bezain eragin handia izaten du ondasunen banaketari dagokionean. Pentsatu besterik ez dago, bestela, edozein langile familiari nolako lasaitua ekarriko liokeen etxebizitza prezio onean eskuratu ahal izateak, edota haurtzaindegi publikoa, dentista edo okulistak doan izateak. Horregatik da hain garrantzitsua langileontzat gizarte eredua.
Beraz, Maiatzaren Lehen honetan lan baldintzen aldarrikapenek bat egiten dute bizi baldintzen aldarrikapenekin. Euskal Herri honek, eraiki nahi dugun herriak, ez baitu izan behar ugazaben eta bere tartekoen interesen neurrira eginiko herria, langile jendearen, herri xehearen neurrira eginiko herria baizik.
Horregatik, gure Euskal Herria, langile jendearena da.