Langile jendearen Euskal Herria eraiki

2006/04/23

Langile jendearen Euskal Herria eraiki

Enplegu duina, ongizate soziala

Maiatzaren Lehena gure eguna da. Egun honetan langileok elkartu eta kalera ateratzen gara klase izaera berretsi eta gure aldarrikapenak eta borrokak plazaratzera. Aldarrikapen garrantzitsuak ditugu, soldaten, lanaldiaren, laneko egonkortasunaren, osasunaren eta gure eskubideen eta duintasunaren errespetuaren alorretan. Hainbat borroka fronte dugu irekita; sarritan gogor egin behar izaten dugu patronalak gero eta gehiago estutu nahi gaituelako. Izan ere, patronalak gauza asko ditu bere alde: legeak, gobernuak, bere neurrira eginiko ekonomiaren arauak..., eta abantaila baliatu nahi du.

Honi aurre egiteko geure burua daukagu soilik. Baina, demostratzen ari gara antolatzen garenean eta borrokatzeko prest gaudenean, geure burua errespetarazten badakigula: negoziaziorik gabe urteak zeramaten sektoreak, prekarietateak kolpatutako taldeak, azpikontratetako jendea, kideen lan berdina egin arren diskriminaturik daudenak&, mobilizatzen hasiak dira eta hobekuntza nabarmenak lortu dituzte. Borrokatzeak merezi duela erakusten digute, hain zuzen ere.

Maiatzaren Lehen honetan askotan ahaztuegi daukagun kontua gogorarazi nahi du ELAk: aberastasunaren banaketa justuagorako ez dela nahiko hitzarmen kolektibo on bat sinatzea, eta gizarte eredua (pentsioak, hezkuntza, osasuna, etxebizitza, menpeko pertsonen zaintza, e.a.) soldata bezain garrantzitsua dela, alegia. Pentsa dezagun nolako eragina izango lukeen gure poltsikoan, esate baterako, etxebizitza moduz eskuratu ahal izango bagenu, edota haurtzaindegi publikoak, dentista edo okulistak doan izango bagenitu. Horregatik, gizarte ereduarekin erlazioa duten gai hauek ere, lehen mailako aldarrikapenak dira gure sindikatuarentzat.

Maiatzaren Lehen honetan lan baldintzen aldarrikapenek bat egiten dute bizi baldintzen aldarrikapenekin. Euskal Herri honek, eraiki nahi dugun herriak, ez du izan behar ugazaben eta bere tartekoen interesen neurrira eginiko herria, langile jendearen, herri xehearen neurrira eginiko herria baizik.

Antola gaitezen eta borroka dezagun langile jendearen Euskal Herriaren alde.

GORA EUSKAL LANGILEAK!

GORA MUNDUKO LANGILERIA!

GORA MAIATZAREN LEHENA!