Langileak gara, ez esklabuak
"Langileak gara, ez esklabuak" leloa kaleetan barna dabil egunotan. Kontserberena sektore duin bihurtu nahi izatea hainbat lagunen eguneroko borroka bihurtu da azken bi hilabeteetan. Duintasuna lanaren parte dela argi du kontserberetako langileriak. Soldata duina, 25 lan orduko murrizketa eta lizentzia eta kategoriak berraztertzea eskatzen dute.
Lea-Artibai eta Bermeoko kontserberetako langileek momentu latzak igaro dituzte joan den uztailaren 17an greba hasi zutenetik. Itxaropena eta etsipena, poza eta tristura, sentimendu kontrajarriak nahastu dira bi hilabete hauetan. Halere, aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute kontserberena sektore duina izatea nahi dutelako.
Ezin ahaztu dezakegu kontserberena emakumeen sektorea dela. Ez da kasualitatea langileen %90 emakumeak izatea. Beste behin ere emakumeok pairatzen dugun eta patronalak eta sindikatu batzuek elikatzen duten diskriminazio kasu argi baten aurrean gaude. Sektore gogorra da, lan fisiko nekagarria egiten dute beharginek eta lan baldintzak zeharo kaskarrak dira. 720 euroko soldata garbia dute, hierarkia izugarriak daude enpresetan eta bertan lan egiten duten gizonek soldata eta kategoria altuagoak dituzte. Emakumeon soldatak osagarritzat dituzte ugazabek eta etxerako laguntza soila balitz bezala ordaintzen diete. Genero diskriminazioa. Emakume izateagatik pairatzen duten bereizkeria egunerokotasunaren parte da kontserberetan.
Baina injustiziaren aurpegi iluna haratago doa. Bakan batzuk baino ez dira mailaz igotzea lortzen duten emakumeak eta lana dagoenean soilik behar egiten dute, hortaz, ez dute bizitza independente bat egiteko aukerarik.
Grebara jo zutenetik piketeak egon dira egunero, polizia jazarpenak, kargak, jazarpen judizialak eta greba eskubidea zapuztuta. Enpresa buruek langileei egin dizkieten mehatxuak ez dira gutxi izan eta are larriagoa dena, zenbaitek erasoak ere jasan behar izan dituzte (non dago Lan Ikuskaritza?). Halere, ez dute etsi. Emakume hauek prekarietatea salatzeko eta egoera errotik aldatzeko nahia dutela erakutsi dute.
Dagoeneko 250 langileri eragin mugatuko akordioa ezarri diete, 300ek hau hobetzen duten akordioak lortu dituzte eta beste 450 langilek greba mugagabean jarraitzen dute. Euren alde egiten duen eta antolatzen dituen erakunde baten babesa dutela badakite eta aurrera egingo dute. Borrokatu nahi dute, greban jarraituko dute eurak erabaki arte. Antolatzea eta borrokatzea da gakoa. Eutsi goiari.
Itziar Gabikagogeaskoa Arrasate
ELA Sindikatuko Genero alorreko koordinatzailea