Langileak kaleratzea, gero eta errazago (Astekaria 142, editoriala)

2004/07/04

Espainiako Bankuko gobernadoreak aurkeztu duen urteko txostenean enpresek beren langile kopurua murriztearren bidegabeko iraizpena (gaztelaniaz, despido improcedente) bidea erruz erabiltzen dutela agertzen da. Prozedura horren erabilpena ugaldu egin da, gainera, duela bi urte langabeziaren erreforma arautzen zuen neurrien baitan tramitazio-soldatei buruz hartu zen erabakiarekin; gogora dezagun erreforma honek Euskal Herrian ekainaren 19ko greba orokorra eragin zuela.

Erreforma hark ugazabari iraizpenarekin batera bidegabetasuna onartzeko aukera ematen zion, eta legez langileari dagokion kalteordaina administrazioaren esku uztea aski zuen langilea langabezia kobratzen hasi eta enpresari tramitazio soldatak ordaintzeko beharra kentzeko (beraz, epaitegiko prozesuak irauten duen artean erreformaren aurretik jasotzen zen ordainsaria galtzen du langileak).

Orduan salatu genuen neurri hau langileen kaltetan zihoala, eta enpresari kaleratzea merkatu eta erraztu egiten ziola (plantilla murrizteko sasi-prozedura hauxe da, hain zuzen, Caballitoko greba eragin duena). Espainiako Bankuaren txostenak adierazten du orduan iragarritakoa bete egin dela, hiru kaleratzetik bi erreformak ezarritako arau berria erabiliaz bideratzen baitira.

Erreforma hark bazituen beste neurri batzuk ere, esaterako langabetuentzat lana bilatzeko pizgarriak, baina Espainiako Bankuaren txostenak dioenez neurriok ez dute aintzat hartzeko moduko eraginik izan.

Erreformaren emaitza, beraz, iraizpen edo despidoa erraztea eta merkatzea izan da, besterik ez. Beste kolpe bat enpleguaren egonkortasunari; aspaldidanik gainbehera doan bidea ez dirudi amaitu denik.