Langileengandik hurbil (Astekaria 211. Editoriala)

2007/03/25

Azken boladan patronalak sindikatuei buruz hitz egiten duenean beti ELA aipatzen du. Noski, zer esanik ez, beti gutaz gaizki hitz egiteko. Eurek, ordea, ez dute azaltzen nola jarraitzen dugun horren soldata kaskarrekin irabaziak marka guztiak hausten ari diren honetan; nola den posible bizi dugun hazkunde ekonomikoa kontutan hartuta langileen heren bat baino gehiago prekarietate egoeran egotea.

Patronalak horretaz ez du azalpenik eman nahi: behin eta berriz azpimarratzen dute konfrontazioaren ardura ELArena dela. Enpresarien zorionerako, Administrazioek, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Foru Aldundiak, euren interesak babesten dituzte kasu guztietan, inolako salbuezpenik gabe.

Hamaika dira hori horrela dela frogatzen duten adibideak; zergen erreforma, etxebizitza politika edo sektore publikoaren pribatizazioa, besteak beste. Pribatizazioa horretarako baliatzen dute batez ere, enpresa batzuk negozioa egiteko.

Egoera hau ikusirik, oso garbi daukagu zeintzuk diren gure lehentasunak, eta lehentasun horien artean, negoziazio kolektiboa da nagusia.

Gure eginbeharra lan baldintzak hobetzea da, soldatetatik hasita; gure eginbeharra langileak sindikatuaren inguruan antolatzea da, erreibindikazioen inguruan, beren interesak defendatzeko.

Badakigu bide horretan borrokatu egin behar dela, badakigu borrokatzeko tresna egokiak behar direla, badakigu greba kutxa langungarria dela emaitzak lortzeko.

Errealitate desberdinak daude sektorez sektore, enpresaz enpresa eta maila guztietan lan ugari egin behar dugu. Zer egin behar den jakiteko, nola egin behar den, ze aukera ditugun, langileengandik oso hurbil egon behar gara, langileekin bat eginda. Bestela, jai daukagu.