Langileok, hotz (Astekaria 192. Editoriala)
Luxenburgotik iritsi da euskal agintari eta ugazabak pozez zoratzen jarri dituen notizia: Europako Batasuneko Justizia Epaitegi Nagusiak, zeharka bada ere, euskal foru erakundeek zergak nahierara arautzeko duten eskumenaren aldeko irizpidea ezarri duela, alegia.
Epaia oso baikorra dela esan du Confebask-ek, eta orain arte Aldundiek ezarritako elkarteen gaineko zergaren erabateko legezkotasuna berresten duela. Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia, harago joan da, eta autogobernuarentzat egun handia dela esan du. Francisco Iribarren, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere, eguna historikotzat jo du. Alderdi politikoen eta hedabideen iritziek, salbuespenak salbuespen, ildo berari jarraitu diote. Hortaz, ba dirudi gure Kontzertu eta Itun Ekonomikoaren salbaziorako Luxenburgok piztu duen itxaropen zuziari grina biziz begiratu beharko geniokeela Hegoaldeko herritarrok, denona den zerbait baitago jokoan.
Baina, tamalez, adierazpen potoloak alde batera utzi eta egunerokotasunari erreparatzen badiogu, ez dirudi Kontzertua eta Ituna gureak direla esateko motibo handirik dugunik herritar arruntok. Ez, behintzat, agintariek autogobernu fiskala zertarako darabilten aztertzen badugu: kapitalari eta errenta altuei zergak arindu eta zama fiskal nagusia lan-errenten gainean ezartzeko, alegia, urtero ELAren Azterketa Bulegoaren txostenek azaltzen duten bezala.
Izan ere, euskal agintariek zerga-sistema aberastasuna banatu eta gizarte oreka bultzatzeko erabiltzeari uko egin zioten aspaldian, besteak beste, elkarteen gaineko zergaren beherakada etengabeak erakusten duen moduan. Normala da, beraz, ugazabak bero-bero jarri dituen kontu honek, langileak hain hotz utzi izana. Iritsia baita ordua autogobernuaz, burujabetasunaz edo dela-delakoaz hitz egiten denean, edukiak zehaztu eta eskumenekin zer egin nahi den baloratzeko.