Lankideak (Astekaria 237. Editoriala)

2008/03/03

Denboraren joan etorriak ez du gure buru eta bihotzetatik ezabatzerik lortu Gasteizen duela hogeita hamabi urte makina langilek bere haragitan bizi izandako sarraskia. Bost hildako eta balaz zauritutako jende ugari. Gupidarik gabeko polizia saldoak langile jendea eta Gasteizko herria bateratsu eraso zituen, bortizki eraso ere. Triskantza haren erantzule politikoak oraindik ere zigorgabe jarraitzen dute.

Sinestezina badirudi ere, instituzio ezberdinetan ardura publikoak dituzte erantzule horiek.
Artean, eraildako langileak terrorismoaren biktimei eskaintzen zaien kontsideraziotik oso urrun diraute. Egun lazgarri haietan langile mugimenduak erakutsitako adore eta kemena, ordea, biziki suspertzen da gure oroitzapenetan. Langile izatearen harrotasun eta duintasuna polizien armei gailendu zitzaizkien, duintasuna larrutik ordaindu behar izan bazuten ere. Zein garesti ordaintzen da langileen eskubideak aldarrikatzea!

Urte hauetako ibilbidean langile haiek erakutsitako bideari eutsiz beste hainbat borrokaldi eta lan gatazkak izan dira bai Gasteizen eta Euskal Herri osoan ere. Langile mugimenduak badu zer aldarrikatu eta zertan indarrak bildu lan eta bizi baldintzak duintzeko. Kapitalak duen berekoikeriaren aurrean ondasunak taxuz banatzeko etengabeko jarduna du langileak. Hori ez da aldatu eta ez du aldatzeko itxura izpirik ere. Modernismoaren izenean estali nahi duten klase arteko interesen dialektikak hortxe dirau izen batekin edo bestearekin.

Martxoaren hiruko hartatik beste martxo ugari izan dugu gurean. Ez da alperrik izan horietako bakoitza; banan bana harturik eta denak batera langile munduaren gorpuztea eta sendotzea ekarri baitute. Aurrekoek eginiko ibilbidearen zordunak gara, ondorengoei behar bezalako etorkizuna ireki ahal izateko. Demokrazia santuaren izenean saltzen dizkiguten justizia eta zuzentasunari sinesgarritasuna emateko zigor gabe daudenak eta ardura politikoa zutenak epaitu beharko dira. Langile haien eta guztien izenean.