Lee Kyung Hae nekazaria gogoan
Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) Cancungo goi-bilera porrotarekin amaitu da. Zergatik ematen diogu guretzat arras urruna dirudien biltzar bati halako garrantzia? Globalizazioa eta MME, bera bultzatzea xede duen erakundea, kontu abstraktuak ez direlako: edonoren eta guztion bizimoduan eragin zuzena dute.
Eta ez soilik herri pobreentzat, baita estatu aberatsetako jende xehearentzat ere: Horixe islatzen du Cancunen gertatu den Lee Kyung Hae nekazari korearraren harakiriak, suizidioak. Arroza bizimodu duten milaka eta milaka nekazari asiarrek erreka jo dute inolako mugarik ezagutzen ez duen merkataritzaren ondorioz; azken urteotako prezioen jaitsiera medio, ezin izan diote arrozaren produkzioari eutsi.
MMEren izaera ez da demokratikoa, bera aldezten dutenek aurkakoa esanagatik: Eztabaidak ezkutuan izan ohi dira, eta erabakiak hartzeko adostasuna lortzearren herri aberatsek pobreei txantajea egiten diete, garapenerako laguntza edo kredituak ukatuko dizkietela esanez. Erabateko liberalizazioa nahi dute, arlo guztietan.
Geuk ere, kontsumitzaile garen aldetik hormonadun okela eta transgenikoak MMEn eztabaidagai dira, eta gure gizarteko sektore garrantzitsu batek, baserritarrek alegia, jasaten duten egoera ikusirik, bagenuke zer esanik. Baina ez daukagu protesta eta mobilizazioa beste aukerarik.
Mobilizazioek eta muturreraino eramandako protestak, suizidioak, izan dute eraginik, nonbait. Txalotzekoa da EB eta EE BBen moduko erraldoi ekonomikoei hainbat estatuk besteak beste estatu afrikar batzuk, India edo Brasil aurre egin izana, eta euren jarrerarekin edozer dela ere merkantzia bihurtzeko joera oraingoz geldiaraztea. "Horretarako adorea esan du Cancungo partaide batek, bizitzeko indarrik ez zeukan Lee Kyung Haek eman digu; bere ereduak gure bihotzetan bizirik iraungo du bestelako mundu horren aldeko borrokan".