Lehenago bi zirenak, orain hiru

2015/11/03
Lehenago PP eta PSOE ziren; orain, berriz, PP, PSOE eta Ciudadanos. Norgehiagoka estuan nazionalista espainolak izateko lehian. Baten batek zalantzarik bazuen, horixe da Espainian abenduaren 20ko hauteskunde aurreko garaian gertatu den “aldaketa”.

Hiru indarrek aldezten dute espainiar legeak derrigor bete beharrekoak direla (gero nahi beste aldaketa egiten duten arren), eta aldarrikatzen dute herritarren arteko berdintasuna (desberdintasuna inoiz baino handiagoa izanagatik) eta espainiar subirania nazionala (gero esango dute ez direla nazionalistak). Bada, Rajoyk dei egin du Kataluniako ekinbideak geldiaraztera.

Ez dago ezer berririk. Honelako erreakzioak espero zitezkeen. Honelakoak, eta etortzekoak direnak. Eurek esan diete EZ Kataluniatik sortu diren proposamen guztiei: Estatut-a, itun fiskala, erreferendum loteslea, kontsulta… Nazionalismo espainiarrak, “aspaldiko” diktaduraren konplexuak alboratuta, ezezkoa botatzen du, Espainia batua helburu.

Espainiar ezezkoa goitik beherakoa da; horregatik, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak (Convergencia, ERC eta CUP) erabaki du espainiar betoak baldintzatuko ez duen prozesu bati ekin behar diotela; prozesu honek bideragarri egin behar ditu katalan erakundeek hartzen dituzten erabaki demokratikoak. Zalantzarik gabe, hau da Estatuan trantsizioa hasi zenetik bizi izan den krisi instituzionalik larriena. Katalanek konfrontazio demokratikora jotzea erabaki dute; ez dute armarik, ez biolentziarik erabiltzen; aitzitik, ideiak eta egitasmoak dira beren oinarria, eta hauek aurrera ateratzeko prest dauden emakume eta gizonak. Hots, herritarren borondatea, armarik arriskutsuena. Estatuari aurre egitea erabaki dutenek akordio bat bilatzen dute, baina beste aldeak ez du halakorik nahi. Konfrontazio demokratikoa, aldebakarrekoa da hautatu dutena; izan ere, beste aldean ezezko sistematikoa besterik ez baitago. ELArentzat pozgarria da Katalunian gatazka politikoa zein parametrotan kokatu den, eta zorionak ematen dizkie hura bultzatzen duten alderdi eta organizazio sozialei. Indarra opa diegu, indar handia, baita gaitasun politikoa ere, prozesu soberanistaren ardatzak garatzerakoan gizartearen gehiengoa erakartzeko gauza izan daitezen.

Rajoyk PSOE eta Ciudadanos-ez gainera batera badu beste aliaturik: Espainiako CCOOek eta UGTk Estatu-Itun horretan beren protagonismoa izan nahi dute. Diotenez, “adostasun politikoari kontsentsu soziala gehitu behar zaio”. Posizio kontrajarria bi sindikatuon atal katalanak agertu dutenarekin, hauek Kataluniako nazioaren erabakitzeko eskubidea aldeztu baitute. Jakingarria da bi sindikatuok Espainian “kontsentsu soziala” ahotan hartzea, noiz eta esparru laboral, sozial eta politikoan inboluzio gordina gertatzen ari denean. Estatu-eredu zentralista, antisozial eta autoritarioaren defentsa egiten dute. Berdin zaie Katalunian osagai sozialak izatea gizarteko sektoreak erakartzeko arrazoi nagusietako bat. CCOOek eta UGTk Estatu-Ituna babesteko zergatia Katalunia eta Euskal Herriaren moduko nazioei autodeterminatzeko eskubidea ukatzea da.

Gatozen Euskal Herrira. ELAk ez du esango prozesu soberanista bat aurrera ateratzea erraza denik. Baina ziur gaude aurrerapauso handia egingo genukeela konklusio batera iritsi eta hau abiapuntutzat hartuz gero: PP, PSOE edo Ciudadanos fidatzeko moduko aliatuak ote dira aldebiko harreman baterako, berdinen arteko erlazioa izateko Espainiaren eta euskal erakundeen artean? Guk uste dugu ezetz; hiruretako bat ez da horretarako gauza.

Abenduaren 20 ostean Espainiarekin berdinen arteko harremana aukera lehenetsiz gero posizio politikoari uko egin behar dio euskal parteak, zeren, posizio horri gutxieneko irmotasunez eutsiz gero, akordioa ezinezkoa baita. Hor dabil Eusko Jaurlaritza behin eta berriz erreguka Estatutua bete dadin, ahulezia eta estrategia falta agerian utziaz.

Abenduaren 20 ostean horrelako akordio bat posible izango dela sinestarazi nahi duenak badaki hori ezinezkoa dela. Badaki aipatutako hiru alderdi horiek batera gehiengo absolutua izango dutela; ez dela eurentzako hondamendirik gertatuko eta, Kataluniarekin egin duten bezalaxe, euskal helburuei ezezkoa emango dietela. Badaki, halaber, erreferentzia politikoak horiek diren artean ez dela akordiorik saiatuko espainiar ezezkoaren aurrean planto egiteko. Espainiarekiko ustezko akordioa beste bide batzutatik ez jotzeko aitzakia litzateke. Hau da, ELAren ustez, euskal posizioarentzako zamarik handiena, prozesu katalanaren indargunerik handiena den bezalaxe.

Nolabaiteko ausardia politikoa behar da herri batek -nazioa izanik- bere burujabetza helburuak irits ditzan. Gurean Gasteizko gobernuak legealdiak bata bestearen atzetik antzeko ekinbideekin agortzen ditu: hauteskunde aurreko promesak; agintera iritsita, Espainiari dei egitea Estatutuan osatzeko dagoena bete dezan; espainiar Gobernuaren erantzunaren zain geratu, jarrera “diskretua” hartuaz; autogobernuaren egoera aztertzeko Legebiltzarreko batzorde bat eratu estatus berri bat formula dezan; bete gabe dagoena egiaztatzeko txostenak egin; Batzordean sine die luzatzen diren eztabaidak… Hortxe bukatzen da dena, berriro abiapuntura itzultzeko. Ibilbidearen amaiera iritsita, hauteskundeak deitzen dira; benetako helmuga, alegia.

Autogobernuaren garapena puntu batera iritsi da non Ekonomia-Ituna eta -Hitzarmena diren helduleku bakarra. Hau da, esaten digute, euskal desberdintasuna. Beste guztia -hau ez da aitortu nahi- oinarrizko lege estatalak dira, eta hauek marrazten dute euskal instituzioentzako marko politikoa. Oinarrizko legeak euskal erakundeak kudeatzaile huts bihurtzeko tresna dira. Haatik, ELAk nabarmendu nahi du zenbait oinarrizko lege antisozialek euskal erakundeen onespena izan dutela.

Ahaztu egin nahi izaten da ere Estatutu Politikoak izan zuen amaiera: Espainiar Gorteetan onartu ere ez zuten egin. Zapateroren eta Ibarretxeren garaiak ziren. Arduragabekeria deritzogu ezkutatzea bide batzuk agortuta daudela. Bide horien amaiera, izan ere, estatuaren ezezkoa izango baita; baina lehenago aurkariak bi baziren, hemendik aurrera hiru jarriko dira aurrez-aurre.