ZERBITZU PUBLIKOETAKO GREBA

Lehendakaria aitzaki bila

2023/10/16
Igor Eizagirre (ELA-Gizalaneko idazkari nagusia. Zerbitzu Publikoak)

Ordezkaritza sindikalaren %85ak EAEko zerbitzu publikoetan greba deitu bezain pronto, Lehendakaria eta bere Sailburu batzuk arrapaladan atera ziren gizartean nabari den ondoeza “artifiziala” dela esanez, eta Alderdi Eguneko ardatz izan ziren hiru topikori (nahiz eta topiko zaharkituak izan) heldu zieten: sektore publikoko langileen soldata eta baldintzak Madrilen erabakitzen dira; ez daukagu eskuduntzarik / Arduragabekeria litzateke 500 milioi euro gastatzea kolektiboaren eskariak aintzat hartzeko / Negoziatzeko borondatea dugu, eta EAEko langile publikoen baldintzak Estatuko beste behargin publikoenak eta arlo pribatukoenak baino askoz ere hobeak dira.

Zer ote da arduragabekeria handiagoa, 500 milioi gastatzea kolektiboaren eskariei jaramon egiteko, ala zerbitzu publikoak gero eta egoera kaskarragoan edukitzea, euskal administrazioek bankuko kontuetan 10.000 milioi gordeta dituztenean? Gogora ditzagun datu batzuk:

  • EAEko osasuneko inbertsioa Europako txikienetakoa da: BPGaren %5,7koa da, Estatukoa baino txikiagoa. Europan, aldiz, BPGaren %8koa da.
  • Hezkuntzako inbertsioa ere Europan azken putz da: EAEn hezkuntzara BPGaren %4,24 bideratzen da, espainiar Estatuan baino gutxiago. Arlo honetan soilik Errumaniak eta Irlandak gastatzen dute gutxiago.
  • Lan-baldintzak: Sektore publikoan 10 urtetik gora daramagu akordio arautzailerik gabe; behin behinekotasun tasa %49koa da, Europako altuena eta enpresa pribatuetan dagoenaren hirukoitza (Osakidetzan behin behineko 24.000 langile, eta Hezkuntzan 15.000tik gora); erosahalmenaren %20tik gora galdu dute behargin publikoek azken hamar urteetan, eta murrizketek zein lantalde urriek langileen osasun fisiko eta emozionalari kalte handia eragiten diete. Gainera, 100.000tik gora lagun ari da arlo publiko pribatizatuan lanean.

Eusko Jaurlaritzak esaten duenean ez daukala soldatei eta enpleguari buruz erabakitzeko ahalmenik, ahaztu egiten du eskuduntzen higadura ez dela soilik Estatuaren eta auzitegien errua: euskal erakunde eta soberanista omen diren alderdiek horretan badute zer esana. Batetik, euskal erakundeek beren eskuduntzei aspaldidanik uko egin eta Madrilen esana hitzez hitz betetzen dute. Haatik, ez Konstituzioak, ez Auzitegi Gorenaren epaiek agintzen dute langile publikoen baldintzak erabakitzea soil-soilik Estatuari dagokionik. Hain zuzen, epaiek kontrakoa diote: oinarrizko arau orokorra da EAEri dagokiola sektore publikoko lan-baldintzak erabakitzea. Noiz har dezake Estatuak eskuduntza hori bere gain? Unean uneko salbuespenezko egoeretan, eta behar bezala justifikatuz gero.

Bestalde, azken urteetan Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko omen diren alderdi politikoek (EAJ, EH Bildu, baina baita Elkarrekin Podemos ere) Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa eman izan diete (klausula zentralizatzaileak barne), bide batez euskal erakundeen eskuduntza erabakigarriak Estatuaren esku jarriz, esaterako enplegua edota soldatak; halakorik ez zen gertatzen 80. eta 90.etako hamarkadetan.

Aipatu dugu Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko borondatea duela esaten duela; esaten du ere langileen baldintzak hobeak direla arlo pribatuan baino... Alabaina, enpresa pribatuetan azken urteetan milaka langilerengan eragina duten dozenaka lan-hitzarmen sinatu dira, gutxienez KPI adinako igoerarekin. Aitzitik, EAEko arlo publikoan duela hamar urte eta gehiago lan-baldintzen inguruko akordio orokorrik ez da itxi; noiz, eta behinbehinekotasuna %49koa eta erosahalmenaren galera %20koa izan denean.

Lehendakariak ugazaba pribatuei eskatzen die soldatak egokitzeko herriaren errealitate sozioekonomikoari; haatik, zuzenean bere ardurapean dituen eremuetan (zerbitzu publikoetan) soldatak jaisten ditu. Eta baloia kanpora botatzeko ahaleginak egiten ditu; baloi hori berreskuratu eta jokatzeko unea dugu: Urriaren 25ean eta abenduaren 19an izango da partida. Greba egun horietan ikusi arte!