Lehengoari eutsi (Testoa euskaraz)
Badirudi ETA erakundea ez dagoela pozik. Aspalditik berea omen duen esparruan hainbat jarrera eta adierazpenek islatzen duten krisia nabarmena da. Baina, bere barne-aldizkariaren azken alean "autokritika" hitza sarri erabiliagatik, autokritika ez da inondik ageri.
Barne-krisi, ezinegon eta adostasun ezaren funtsa ez ei zaio inola ere erakunde armatuaren erabaki edo estrategiei egotzi behar, erakundeak gauzak ondo egiten omen baititu, eta bere ekintzen onurak berehala ikustea hain erraza ez den arren, denboraren poderioz frogatuta geratzen dira, dioenez.
Ildoaren aldetik, beraz, ez dago hutsegiterik; eta arazoren bat badago, jokabide horren arrazoiak behar bezala azaldu ez izanaren ondorio da, edota egoera gogorrean indar politikoek eta hedabideek eragindako zurrunbiloan perspektiba galtzearen ondorio. ETAren iritziz, ezinbestekoa da nahasmena amaitu, indarrak trinko bildu eta "lasaitasun estrategikoz" epe ertain eta luzerako estrategia erabakitzea.
Bitartean, kazetari eta hedabide guztien eskubideak aldarrikatu dituztenei "Espainiaren gerrarako hedabideak" "helburu militar" direla gogora arazi die, hori ulertarazteko lan pedagogikoa egin behar bada ere. Halaber, alderdi, hautagai edo hautetsien aurka ekitea ez dela bidea adierazi dutenei erantzun egiten die: Espainiako alderdi nagusiak eta beren arduradun, hautetsi eta hautagaiak "helburu militar"tzat hartzen ditu oraindik. Azkenik, ekintza armatuak euskal gatazka politikoaren testuinguruan kokatzea nahikoa ez dela diotenei, ekintzak zein testuingurutan egiten diren era ulergarriagoan agertzeko borondatea adierazi die, baina ekintza armatuekin jarraitzeko asmoarekin batera.
Eta, euskal gizarteko beste hainbat eragileri leporatzen digun legez hitz hutsetan ez geratzearren, Zangozan egin du aro berriko lehen azioa.