Lehertu arte esplotatzen gaituzte

2006/04/23

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, apirilak 28, Euskal Herriko langileok egun hori ospatzeko arrazoirik gabe jarraitzen dugu. Lan Arriskuak Aurrezaintzeko Legea indarrean sartu zenetik hamar urte igaro badira ere, laneko segurtasuna eta osasuna konpondu gabeko arazoa da oraindik.

Ezin dugu jasan lanean hainbeste jende hiltzea: 126 langile hil ziren iaz. 2005. urtean, besteren konturako langileei dagokienez, 65.990 istripu arin, 657 larri eta 112 heriozko. 2004. urtearen aldean, %7,5 gehiago izan dira arinak, %2,82 gehiago larriak eta %21,4 gehiago heriozkoak. Hauetaz gain, iaz hil ziren langile autonomoak ere gehitu beharko genituzke.

Egoera are latzagoa da: Lanbide-gaixotasunak nahita ezkutatzen den arazo larria da. Lanbide-gaixotasunak azpi-erregistro batean lerrokatzen dira, eta gehienak ez dira halakotzat hartzen. Azken urteotan, eredu neoliberala aplikatzen hasi denetik, lanaren erritmoa areagotu da, eta horren ondorioz, gero eta gaixotasun muskuloeskeletiko, kardiobaskular eta psikiko gehiago agertzen dira langileengan. Arazo hau, emakumeek bereziki pairatu behar duten beste diskriminazio bat da. Genero-diferentziak ez dira kontuan hartzen lanpostuak aztertzerakoan. Era berean, emakumeek bete ohi izan dituzten lanpostuak ez dira berdin tratatzen. Ez dira konponbideak bilatzen, ez da gaixotasunak saihesteko neurririk hartzen , eta jakina, ez da onartzen gaixotasun horiek lanaren ondoriozkoak direnik.

Prekarietateak hiltzen du. Ezbeharrek eta lanbide-gaixotasunek lotura estua dute kasuan kasuko kontratu-motarekin. Aldi bateko lana daukatenek finkoek dituzten istripuen halako bi eta erdi gehiago dute.

Patronalak helburu bakarra du: dirua irabaztea kosta ahala kosta. Aldi baterako kontratazioaz larregi baliatu, lan-erritmoak areagotu, lanaldia luzatu, eta segurtasun nahiz osasun arloan egin beharreko inbertsioak ez gauzatu. Arlo honetako legeak etengabe urratzen dira irabazien mesedetan; baina zoritxarrez langileen segurtasun eta osasunaren kaltetan. Horren ondorioz, hainbat lagun hil egiten dira, beste askok ezintasunen bat pairatzen dute edo gaixotu egiten dira.

Administrazioaren jarrera motela: errudunen kide interesatua. Enpresaburuek badakite Administrazioak ez ikusiarena egiten duela, legea hautsi arren ez diela inork ezer esango. Lan Ikuskaritza, Osalan eta Nafarroako Lan Osasun Institutua ez dira eraginkorrak ezbeharren eta gaixotasunen aurkako borrokan, ez baitago horretarako borondaterik.

Gure segurtasuna eta gure bizitza ez dira negozio-gai. Mutualitateak langileen osasunaren etsaiak dira, bere lanean ikuspegi ekonomikoak du lehentasuna, eta ez medikuak. Goizegi emandako altak eta onartu gabeko lanbide-gertakizunak dira arazorik larriena. Prebentzio Zerbitzuei dagokienez, lan segurtasuna behin baino gehiagotan merkaturatzen denez, lanbide praktika txarrak egiten dituzte, lan osasunaren kaltetan.