Lehiak batu ote? (Astekaria 240. Editoriala)
Bestelakoa da ordea Eusko Jaurlaritzak, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzua dela medio, askatasun sindikalari eta, espreski, sindikatuei aplikatzen digun harrera txarra. Merkataritzako langileek jai egunetan atsedena izateko eskubidea izan dezaten xedearekin –xede apala, beste aldetik– eginiko lan sindikala susmopean lehendabizi eta zigor bidean bigarrenez jarri du Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak, gai honi atxiki-tzen zaizkion neurriz kanpoko informazio eta txostenak eskatuaz eta, hori bete ezean, izua emateko moduko isunak aplikatuaz.
Bere gordintasun osoan azaldu diegu Sindikatuen Europar Konfederazioari sindikatu ezberdinei erasoaren larria, non sindikatuaren izate berari oldartzen zaion aginte publikotik. Funtsean ekimen sindikala bera dago auzipetua eta kontrolpean, eta gai juridikoaz aparte, ondorio politikoak atera behar dira derrigorrez. Honako erabakiak hartzen dituztenek enpresarien interesak defendatzen dituzte eta gizartean ditugun hainbat arazo larriei erreparatu beharrean, bere lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen duen langilea, ahulena alegia, zigortzea erabaki dute.
Gainontzeko gaietan, sakoneko arrazoiak direla eta, sindikatuak banandurik gabiltzan honetan, Gobernuaren honelako ekimenak sortu du bai, elkarrekin erantzuteko motiboa eta adostasuna. Trantsizio garaitik hona, aurretiko jakinak ez dituen mobilizapen adostu baten aurrean gaude lau sindikatuen artean. Pentsa nolako sakontasuna duen Gobernuko erasoaren bortitzak!