Lorenzo Riosek bere lotsak estaltzeko ELA eta Antolinen itxiera erabili nahi ditu
Antolin taldea desinbertsioak eta lantegi salmentak ari da egiten espainiar Estatutan eta atzerrian. Estatuan Arazuriko eta Almussafesko instalazioak itxi dituzte plan horren baitan; ekoizpena Burgosen zentralizatu da.
Mugimenduon atzean ez dago inolako krisirik; aski da aintzat hartzea sektorean egiten ari diren inbertsioak: VW Navarrak 1.024 milioi euro inbertitu ditu (2023-2027); Seat Martorellek, 3.000 milioi, eta abar. Nafarroa krisian dagoela dioten diskurtsoekin helburu bakarra bilatzen da, Nafarroako Gobernua estutzea enpresei laguntza handiagoak eta erraztasun fiskalak eman diezaizkien.
Duela gutxi argitaratu den elkarrizketa batean Lorenzo Rios UGT-Nafarroako idazkari nagusi berriak ausardiaz ELAri leporatu zion Antolin lantegiaren itxiera, zeina betidanik izan den VW Navarraren hornitzailea.
Dirudienez, Riosek bere burua aurkezteko ez zuen ateraldi hoberik asmatzerik izan, eta ELAri egotzi zion Antolin itxi izanaren errua; hots, UGTk 2022ra arte gehiengo absolutua izan duen lantegiarena (UGTk 6 ordezkari zituen, ELAk 2 eta CCOOk 1). Gainera, UGTk sinatu ditu 2020 eta 2026 arteko enpresa-itunak, baita lantegia ixteko EEEa ere, azken hau USOrekin (3 UGT, 2 USO). Areago, UGTk ez du parte hartu 2023ko maiatzetik aurrera itxierari alternatibak bilatzeko Nafarroako Gobernuaren Industria sailarekin izan diren sei bileretan; halaber, ez dio VWko langile-batzordeari laguntzarik eskatu nahi izan, multinazionalarekiko interlokuzio zuzenean… Horrenbestez, ELA, hau da, langile-batzordean gehiengorik ez duen sindikatua, ixteko EEEa sinatu ez duena, itxierari konponbide bat emateko dinamika eta bilera guztietan parte hartu duena… Hori ote da erruduna?
Rios ez ote dabil gezurretan? Ez dio errespetu handiagoa zor prozesu hau pairatu duen lantaldeari? Edo UGTko idazkari nagusiak VWren beste azpikontratetako langileei mezu bat bidali nahi die: etorkizuna bermatzeko lan-baldintzei uko egin behar zaie?
UGTk Nafarroan eredu jakin bat lehenetsi du, enpresen laguntzaile izatea; haatik, hau noren onerako izan da, UGT berarentzako ez bada? BSH edota Sunsundegui ixten badira, non UGT sindikatu nagusi den, bere ardura izango da?
UGTko idazkari nagusi batek CEN patronalaren % 100eko babesa eta sindikatuko kideen % 52,48arena besterik jaso ez duenean, agerian ari da geratzen Nafarroako langileria zergatik aldentzen den UGTren eta antzekoen eredu sindikaletatik. Beraz, Rios jauna, ez itzazu zure lotsak ELAren aitzakiarekin estali.
ELAk Antolinen eta beste enpresa nafarretan lan egin du langileen antolakuntza indartzeko; hau da lan-baldintzen benetako hobekuntza ekarriko duena, jakinik maiz konfrontazioa izan ohi dela aurrera egiteko bide bakarra.