Lotu txakurrak (Astekaria 188. Editoriala)
Sarritan esan da (Rodriguez Zapatero presidenteak esan du, batez ere) ETAren suetenak abiarazi duen prozesua luzea, gogorra eta gorabeheratsua izango dela. Orain arte dakiguna da batzuentzat, Batasunako hainbat arduradunentzat, esaterako, prozesua gogorra eta behera-beheratsua izaten ari dela; askori, presoei eta senitartekoei, luzea ere egiten ari zaie, ezbairik gabe.
Badirudi Rodriguez Zapatero eta enparauentzat ez dela inolako prozesurik hasi. Behin suetena lortuz gero, ez dago ezertarako presarik, ez dago zertan ezer aldatu, ez mezu politikoetan, ez eta jardun errepresiboan ere.
Terrorismoaren aurkako itunaren epelean indartutako legeek, irizpideek eta praktikak ezer gertatu izan ez balitz bezala segitzen dute. Bitartean, gobernuko presidentea, lasai.
Eskola zaharreko jardunaren erakusgarri da, esate baterako, Batasunako zortzi arduradunek Auzitegi nazioanalaren aurrerako jaso duten hitzordua. Salaketaren arrazoia, buruzagiok ETAren suetenaren ondoren berau balora-tzeko prentsaurrea egin izana.
Grande-Marlaska eta besteek ekimen hauek jantzi sasi-juridikoz estaltzen dituzten arren, jazarpen politiko hutsa dute azpian. Eta jazarpen politiko gordin hori are eta argiago azaltzen da edozein bidegakeria zuritzeko erabili ohi zen terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakia desagertu denean.
Espainiako gobernuak erantzukizun oso argia du gertakari hauekiko. Eta ezin zaio onartu botereen banaketari buruzko topikorik, oraindik ere ezartzen ari den politika antiterrorista botereen nahaste-borrastearen eltzean egosia baita. Rodriguez Zapaterok euskal herritarroi albait arinen argitu behar digu aro berri bati ekiteko borondaterik duen ala ez.
Horretarako, jakina, Aznarrekin batera ezarritako arauak indargabetu eta xaxatutako txakurrak katean jarri beharko ditu berriro. Oraingoan Aznarren eta oinordekoen laguntzarik gabe egin beharko badu ere.