MARTXOAK 8

M17: greba orokorra. Justizia feminista helmuga

2026/03/06
M17: greba orokorra. Justizia feminista helmuga
ELAko genero taldea
1.500 euroko Gutxieneko Soldataren alde martxoaren 17rako deitutako greba orokorra greba feminista ere bada. Nola ez da izango? Akaso ahaztu al dugu emakumeen askapen prozesu ororen oinarrian auzi ekonomikoa dagoela? Galdetu bestela Bizkaiko erresidentzietako grebalariei. Ondo baino hobeto gogoratzen dute hitzarmenaren negoziazio betean patronalak -haiek, gizonek, boteredunek- esandakoak: “Baina zertarako hitz egingo nahi duzue soldatak igotzeaz zuen soldatak zuen senarrenen osagarria baino ez badira! Horrela ikusten dituzte emakumeak, osagarritzat dituzte, apendizetzat. Adanen saiheskia baino ez dira.

Baina sagarrak ez ditu asebeteko, frutaontzi guztia nahi dute eta saskia beteta bueltatu nahi dute. Izan ere, jakin badakite askoz errazagoa dela etxea galtzea miseriazko soldata baduzu eta ezin baduzu hipoteka ordaindu. Edo zeresanik ez etxerik izateko nahikoa diru ez baduzu. Jakin badakite utopia hutsa dela emakume bati eskatzea egunero jipoitzen duen gizonarekin harremana apurtzea ez badauka autonomia ekonomikorik infernutik ihes egiteko; ondo dakigu pribilegioa dela zure lanari uko egin ahal izatea zaintzen ari zaren gizonak ipurdia ukitu dizulako ez baduzu nora joan. Izan ere, biolentzia ekonomikoa, sexuala bezala, emakumeentzako doktrinamendua da eta zilborreste beretik datoz. ALDA aldizkarian Cristina Fallarás kazetari eta aktibista feministak esan zigun bezala, “biolentzia ekonomikoa doma bat da, emakumeak diziplinatzeko erreminta”.

Gutxieneko Soldata igotzeak mesede egingo lieke, batez ere, emakumeei, pertsona migratuei eta gazteei; baita ama bakarreko familiei ere. Beste modu batera esanda, egoera kaskarrenean daudenei. Cáritasek pobreziari buruz argitaratu duen azken txostenaren arabera, EAEn atzerritik etorritako pertsonen artean atzeman den esklusio tasa (% 40,7) berton jaiotako pertsonek jasaten dutena baino bost bider handiagoa da. Nafarroan, Espainiako Estatuan jaiotako pertsonek pairatzen dutena bainoa 4,5 bider handiagoa. Ez da, ordea, arazo naturala, estrategia ekonomikoa baizik; izan ere, patronalak eskura ditu lan kostu baxua eta gatazka gutxi eragingo dion langile klase pobretua.

Pentsiodunak ere aipatu behar, noski. EAEn, kotizaziopeko pentsiodunen %11,3 pobrezia larriaren atalasearen azpitik dago. 65 urtetik gorako emakumeek pobrezia tasa larriagoak bizi dituzte adin bereko gizon pentsiodunek baino. Nola ez, lanaldia murriztu badute -ez, ordea, lana, zaintzak ez baitu ordutegirik eta oporraldirik ere- eta ondorioz, pentsio baxuagoa badute. Gutxieneko soldata handituko balitz, kotizazioak haziko lirateke eta emakume askoren bizimodua hobetuko litzateke: lanaldi partzialak kateatu ostean miseriazko pentsioa dutenena; edo adinez txikiak eta nagusiak zaindu ahal izateko lanaldia murriztu eta soldataren zati bati uko egin behar izan dutenena. Datuei erreparatu besterik ez dago: seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 87 emakumeek hartzen dituzte, bestelako senideak zaintzeko eszedentzien % 72.

Herri baten kohesio soziala lortzeko, ezinbestean langileen lan baldintzak homogeneizatu behar dira. Eta hori ez da lortuko baldintza hobeak dituztenen -edo ez hain txarrak dituztenen- egoera kaskartuz, nahiz eta konbentzitu arazi gaituzten funtzionarioak direla gure etsaiak: hipoteka ordaindu dezakeen eta urtean behin oporretan joateko beste diru aurreztu dezakeen zure koadrillako laguna. Pribilegitua bera 50 urterako hipoteka duelako! Ez, irtenbidea ez da hain gaizki ez dagoena infernura bidaltzea, betiko hipoteka bat izatearekin ere amestu ez dezaketen horien lan baldintzak hobetzea baino. Kohesio sozialaz ari gara, ezta? Bada, justizia sozialaz ari gara, finean. Hori ere bada 1.500 euroko gutxieneko soldata exijitzea.

Ukatu gabe, beti ere, kontraesanak badirela. Egon badira. Emakume askok ezingo dute grebarekin bat egin: administrazio egoera irregularrean daudelako, lan kontraturik ez dutelako edo ezinezkoa zaielako gelditzea. Sistema, batez ere, zaintzan oinarritzen dela badakigu. Inork ez du hori zalantzan jartzen.

Horregatik, greba hau greba feminista ere bada. Soldatapeko emakumeek ere biolentzia ekonomikoa pairatzen dutelako, borroka feministaren subjektu ere badirelako. Emakumeek ere errentaz, fiskalitateaz edota soldatez hitz egin nahi dutelako. Arrazoia zuten garai bateko `La bola de cristal´ telebista saioan: “Solo no puedes, con amigos, sí”. Eta lagunak emakumeak badira eta gainera borrokan bidelagun, are hobeto. Justizia feminista da helmuga.