Madrildik zerura (Astekaria 249. Editoriala)
Euskal Herriak bere gordintasunean bizi duen gatazka politikoaren ondorioak bere haragitan larrutik ordaindu duten pertsonak ere –mehatxuak, bortizkeria, bahiketak...– epaile berak susmopean jarri ditu berriki, kaltetuak izatetik gaizkiletzat hartuak izan artera. Kaltetua, beraz, bi aldiz kaltetua. Bestelakoa beharko luke bere jarrera, bereziki kontutan hartu izan balu borondatez epaitegira deklaratzera zihoazen hamar bat gazteren eskubideak urratu izan zirela, kasu. Atxiloketa, inkomunikazioa, galdeketak... Horretan ordea isilik, arnas arrastorik eman gabe.
Hainbeste gai eta auzitan aditua den epaileak ederki asko prestatu dio bidea Auzitegi Gorenak hartu beharreko behin betiko erabakiari. Epaiketa honetan Auzitegi Gorenaren aurrean Madrilen deklaratzera deitutako borondate oneko lekukoek garbi asko ikusi ahal izan zuten noraino iristen den Garzonen izpirituaren beso luzea. Deklarazio aurretik epaia guztiz idatzia edo erabakia dagoela uste osoa dago. Honek ez du, orain arteko epaitegien ibilbideari erreparatuz, ezusteko handiegirik suposatzen.
Dena den, argi ibil gaitezke. Auzitegi Gorenean epaitegi-gela nagusira deklaratzera sartu aurretik hiruzpalau ordu zain bagauzkate ere, pasabideko alfonbra zapaltzeko debekua izanen duzu, segurtasuneko zaintzaileak hala agindurik. Zangoen asperdura eta nekeak ibiltzera behartzen bazaitu ere, hantxe dago gorrotoaren alfonbra muga. Edonon senti dezakezu. Eta denon buruan, hauen Madrildik zerura ala infernura?