Maiatzaren Lehena greba orokorraren atarian
Aurtengo Maiatzaren Lehenak ELAren afiliazioa eta militantzia aberastasunaren banaketa zuzenaren aldeko mobilizazioetan murgildurik aurkitzen du, Maiatzaren 21erako deituriko Greba Orokorraren atariko mobilizazioetan. Finean, grebara deitzeko makina arrazoi daude.
Enplegu-suntsiketa eta patronalaren xantaiari aurre egingo diegu. Langile asko ari da lan merkatuko egoera tamalgarriaren ondorioak nozitzen: soldata baxuak, behin behinekotasuna, bereizkeriak, bermerik gabeko azpikontratazioa, lan istripuak, eta, espedienteekin edo gabe, mugarik gabeko kaleratzeak. Hori gutxi balitz, azken hamabost urteetan etekin itzelak metatu ondoren, patronalak beldurra darabil negoziazio kolektiboan xantaia egin eta lan baldintzak are eta gehiago narriatzeko.
Inork ez du eztabaidan jartzen soldatak eta enplegua ez direla, inolaz ere, krisiaren errudunak. Langile klaseak sortu ez duen egoera ordaindu ez dezan borrokatzen ari gara eta borrokatuko dugu ELAn. Enpresarien etekinak eta espekulazioaren zurrunbilotan murgildutakoak dira errudunak, beti ere gobernuek beste alde batera begiratu dutelarik, kasurik onenean. Errealitatea guztiz alderantzizkoa da, hain justu. Soldata mailak beheratzen badira, krisi-egoera oraindik sakonagoa izango da eta lanpostu gehiago galduko dira. Soldaten jaitsierak helburu bakarra du: enpresarien etekinak bere horretan mantentzea.
Langile klasearen aldeko politika publikoak aldarrikatuko ditugu. Azken urteotan ondo asko frogatu dugu gobernu eta patronalen arteko batasun estrategikoa, espresuki kontu publikoak hustu eta arpilatzeko. Erakunde publikoek enpresarien errentei zergak jaitsi egiten dizkiete eta iruzur fiskalarekin beste aldera begiratzen dute; presio fiskala eta gizarte gastuan Europako azken muturrean gaude eta gizartearen beharrizanak ez dira behar bezala babesten; aurrekontu publikoak superabit handiekin ixten dira eta... horren bitartean pobreziaren maila ez da batere jaitsi. Are eta gehiago, langabeziak dituen estaldura maila baxuekin, pobreziaren atarian kokatzen ditu makina langabetuak. Egoera horiei babesa eman ordez, instituzioek gastu soziala handitu beharrean, kapitalari zergak jaisteko politika fiskalarekin jarraitzen dute eta gastu politika enpresak subentzionatzera bideratzen da, inongo berme eta kontraprestaziorik gabe..
Ezinbestekoa da greba. Ezinbestekoa, beharrezkoa, neurrikoa, aproposa, zilegia. Izenlagun guzti hauek egokiak dira egoera honi erantzuteko grebaren arrazoiak ematerakoan. Enplegu-suntsiketa gerarazi nahi dugulako; negoziazio kolektiboan patronalaren xantaia astindu eta gure jendeari arnasa eman nahi diogulako; langile jendearen aldeko politika publiko eraginkorrak exijituko ditugulako . Zentzu berean, ekonomi, lan eta gizarte politikak Euskal Herrian bertan erabaki daitezen aldeko aldarrikapena grebaren muinean egongo da. Azken urteotan, Gobernu eta patronalen eraginez, elkartasun politikak, enplegua eta gure lan baldintzen aurkako erasorik indartsuena gauzatzen ari da. Guzti horregatik, ELAn erabakia dugu langile klasea zigortzen duen errealitatearen akta etsia jasotzera ez garela mugatuko. Erabakia dugu, euskal gehiengo sindikalarekin batera, eraso hauei aurre egin eta borrokatzea.
Abagune egokia da, beraz, Maiatzaren Lehena langile klasearen arteko elkartasuna indartzeko eta greba orokorraren prestaketan lan sindikalaren indarra erakusteko. Makina arrazoi dugu horretarako.
Gora Maiatzaren Lehena!
Amaia Muñoa
ELAko Idazkari Nagusiaren Albokoa