Maltzagaren zain? (Astekaria 125, Editoriala)

2004/02/02

Azken urteotan Euskal Herriko azala erabat aldatzen ari diren azpiegitura berri erraldoiek izan duten eraginetako bat betidanik ezagutu genuen Maltzagaren desagerpena izan da.

Egia da Maltzaga izeneko lekua berez egon badagoela, baina trenbideen topagune garrantzitsu izateari aspaldian utzi zion bezala, orain kamioen bidegurutze izateari ere utzi dio, gutxienez autopista berria erabiltzen duten milaka gidarientzat.

Esan genezake Telesforo Monzon zenak amestutako Maltzaga metaforikoak antzeko zoria izan duela, eta proposamen politikoak abiada bizian pasatzen direla Maltzaga gaineko bide azkarretatik, behean dagoen bidegurutze xumeari muzin eginez.

Horixe ari dira azken asteotan egiaztatzen Bergaran Telesforo beraren etxean datozen hauteskunde espainolen harira proposamena luzatu zutenak, Maltzaga osterako aspalditik euskal gizarteak espero dituen erabakiak aginduagatik.

Kontuak kontu, Maltzaga ostean posible litzatekeena agian bidegurutze irudikatu horretara iritsi aurretik bilakatu da ezinbesteko.

Izan ere, gero eta argiago ikusten baita Maltzaga bidaiari xumeentzako besterik ez dela izango topagune, goiko autopistan zehar beste helmuga batzutara abaila bizian doazenak aspaldian baztertu baitute han behean geratzen zaien Maltzagako bidegurutzea.