Marco-Gardoquik (berriz ere) ez du egia esan

2018/10/22
Unai Martinez, Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusia
Ignazio Marco-Gardoqui Vocento taldeko komentarista ekonomikoak urriaren 17ko bere artikuluan Guillermo Ulacia Tubos Reunidoseko presidentearen dimisioa aipatzen du. Enpresa baten zein gizartearen egoera aztertzen duenean ohiko duen moduan, langile-klasearen eskubideak defenditzen dituzten sindikatuei kargu hartzen die.

Egileak artikuluan esaten duenez, Ulaciak “kostuei dagokienez tentsio handiei” egin die aurre, “ekintza sindikal gogorraren ondorioz, zeina ez baitago prest abaguneak eskatzen dituen aldaketak aintzat hartu eta onartzeko”. Gainera, hau ere esaten du: “zaila izango da sindikalki oso indartuta dagoen eta sakrifizioak onartzeko asmorik ez duen plantilla bat asetzea; hala ikusi da lehen tirabirekin”.

Marco-Gardoquik aipatzen dituen “tirabirak” 157 kaleratze, soldaten % 25eko jaitsiera, lanaldi luzeagoa eta Trapagarango altzairu-fabrikaren itxiera ziren. Oraingoan ere artikulugileak sinestarazi nahi dio iritzi publikoari enpresen arazo nagusia lan-baldintza onegiak eta ELAren moduko sindikatuen jarrera dela.

Tubos Reunidos enpresaren berri ematerakoan datu batzuk ahaztu zaizkio:

  1. Taldeak bere akziodunen artean hamarraldietan etekin handiak banatu ditu.
  2. 2007an enpresaren finantza-zorra ez zen handia: 35,6 milioi euro. 2008an zuzendaritzak OPA bat bultzatu zuen. Taldeak banatu zuen dokumentazio ofizialean honakoa esaten zen: “Tubos Reunidos taldearen finantza-egoerari dagokionez, bere akzioen gaineko OPAn 170 milioi euro ordaindu ostean, akziodunaren likidezia eta errentagarritasuna hobetzeko egindako operazioan, Taldearen zorpetze garbia 2008ko martxoaren 31n 199,9 milioi eurokoa da”.
  3. Operazioak azalpen erraza du: Akziodunek milioika euro jaso zitzaten enpresa bera zorpetu egin zen, eta proiektu industriala zalantzan jarri zuen. Trapagarango EREa hasi zuenean taldearen finantza-zorra 213 milioi eurokoa zen. Zorra akziodunek sortu dute!
  4. Tubos Reunidos taldeko akziodun nagusia BBVA da, hain zuzen 2008ko OPAren arduradun nagusia.

Beraz, Marco-Gardoquik enpresa honen egoera analizatzerakoan informazio partziala ematen du, funtsezko datuak ezkutatuz, betiere bere diskurtso neoliberala sustatzeko; arazoak sortzen direnean enpresen zuzendaritzak sekula ez du errurik izaten. Ez da harritzekoa, egilea bera hainbat administrazio-kontseilutako kide izanik. Hartara, egiazko informazioa nahi bada hobe da beste iturri batzuetara jotzea.