Martxoaren 8ko greba feminista historikoa izan da
Sindikalismoarentzat eta ELArentzat ere greba historikoa eta berritzailea izan da, enplegutik haratago lan guztien aitortzaren beharra eztabaida politikoaren erdigunean jarri delako. Atzoko egunean lortu genuen hau, baina sindikatuok asko daukagu egiteko oraindik bide honetan.
Berritzailea izan da, era berean, mugimendu feministak egindako deialdia izan delako. ELAk bat egin du deialdi honekin eta enpleguaren alorrean bere ekarpena egin du. Atzoko greba mugarria izan da sindikalismoaren eta mugimendu feministaren artean beharrezkoa den elkarlanean. Urrats garrantzitsua eman dugu.
Enpleguaren esparruan ere greba arrakastatsua izan da. Sektore feminizatuetan emakumeen lan baldintzak hobetzeko egiten ari garen lana indartzeko egun bat izan da. Sektore hauetan grebaren eragina oso handia izan da: irakaskuntzan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, garbikuntzan... Beste behin ere argi geratu da emakumeen borroka sindikalak ere borroka feministaren parte direla.
Azpimarratu nahi dugu greba honen aldarrikapen nagusia sistema kapitalista eta heteropatriarkala aldatzearen beharra izan dela, sistema bera delako emakumeen egiturazko desberdintasun egoeraz baliatzen dena. Horretarako, borondate politiko argia eta sakoneko neurriak behar dira.
Euskal erakunde gehienak grebaren helburuekin ados agertu dira, nahiz eta greba bera ez babestu. Hipokrisia handiko jarrera iruditu zaigu eta larriena, zentzu honetan, Emakunderena izan da. Grebari balio poltikoa kentzeko saiakera bat egon da da, formalki aldarrikapen politikoki zuzenak egin baina funtsean ezer ez aldatzeko. Egunerokoan, euskal administrazioak emakumeen bizi eta lan baldintzen aurkako neurriak hartzen ari dira: berdintasun politiketan eta zaintzarako zerbitzu publikoetan murrizketak, administrazioetako azpikontratetan emakumeen lan baldintza eta soldata baxuagoak... Berdintasun formala aldarrikatu bai, baina benetako politikak kontrako norabidean doaz.
Testuinguru honetan, martxoaren 20an soldata arrakalaren inguruan eztabaidatzeko bigarren bilera deitu du Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluan, Emakunderen parte hartzearekin. Gobernuak aukera paregabea du martxoaren 8ko helburuekin bat datorrela frogatzeko. Emakumeen soldata diskriminazioaren aurka neurri asko har ditzake: has dadila, adibidez, azken urteetan egin dituen murrizketak atzera botatzen edo azpikontratatzen dituen zerbitzuetan soldata baxuagorik ez onartzen.
ELAk azaldu zuen zergatik ez den bilera horretara joango. Soldata arrakala ez da konponduko elkarrizketa sozialaren esparruetan, gobernuaren aldetik ez baitago inolako borondate politikoarik soldata arrakalaren atzean dauden oinarrizko arazoei heltzeko eta egunerokoan emakumeen prekarietatea sustatzen ari den patronalari ematen zaiolako hartu beharreko neurriei betoa jartzeko eskubidea.
Emakumeen antolakuntza eta borroka dira soldata arrakalaren aurka eta emakumeen eskubideen alde egiteko eskura dauzkagun trenarik eraginkorrenak. Atzoko greba feministarekin argi geratu zen hau.
Gora borroka feminista!