Mendekua (Astekaria 250. Editoriala)

2008/07/18
Aldiro-aldiro lokarturik eta otzandurik diruditen eskuindar oldarkorrenak plazara irteten dira printzipiorik gabeko gizarteari zuzeneko bidetik tarte txikienean ere albora ez dadin erakusteko. Beste behin, eta ez da lehenengo aldia, indar politiko eta mediatikoek Iñaki de Juanaren egoera “casus belli” izendatu dute bere mendeku grina handik eta hemendik barreiatzeko. Espainiar epaitegiek Iñakiri ezarritako zigorra betetzear dagoen honetan, terrorismoa eta biktimen defentsa aitzakiatzat erabiliz, egundoko kanpaina politikoa garatu dute orain arte ezarritako zigorrei bestelakoak eransteko.

Gogoan izan behar da Iñakik bere espetxe zigorra betea zuela eta, bigarrenez, egunkaritan idatzitako artikulu batengatik, ustezko mehatxuak zirela eta, beste hiru urte pasa behar izan ditu kartzelan. Bitarte guzti horretan bi gose greba ere aurrera eraman ditu. Presondegiko ateak irekiko zaizkionerako, aipatutako indarrek martxan jarri dituzte euren presiobide guztiak eta horretara gobernua bera eta fiskaltza ere makurtu dira. Biktimekin duen zorra kitatzeko izan da oraingo argudioa, fiskalaren aginduz,  kartzelatik atera eta bere bizilekua izan daitekeen etxea behin-behinean bahitzeko. Horrekin batera, Iñaki eta bere emaztearen ondasunak ikertzeko eskaera luzatu du Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak.

Adabaki juridikoz estali nahi bada ere, ezkutaezina da erabaki hauen atzean dagoen bultzada politikoa. Bere bizilekua izango omen denaren inguruan terrorismoaren biktimak bizi direla eta, bat etorri dira estatuko bi alderdi nagusiak beharrezkoak liratekeen  legeak aldatzeko borondateaz, eta bakarren batek Konstituzioa bera aldatu beharko litzatekeela ere. Beste gaietarako ukiezina den ditxosozko Konstituzioa aldatu! Besteren batek aipatu bezala agian hobe litzateke erbesterako bidean jartzea.

Dirudi denok gainetik pasatzen dutela gaiaren muina: kartzelatik irtengo bada, bere legeek ezartzen duten zigorrak beteaz, ez al da bada Iñaki izango eskubide guztien jabe den hiritarra? Bestelakoa mendekua da, mendeku basatia. Eta bitartean... hirugarren gose greba.