Menpekoak (Astekaria 246. Editoriala)

2008/05/22
Etengabe hazten ari diren sektoretako bat da gizarte zerbitzuena, herritarren beharrak geroz eta handiagoak baitira. Bizi itxaropenaren luzapenak, arrazoi ezberdinetan oinarriturik badago ere, epe luzeagoetan arretaren behar gehiago izatea ekarri du askoetan. Hirugarren adineko egoi-tzak, etxez-etxeko laguntza zerbitzua edo eguneko zentroetako lagun askoren zaintza beharrak hasiz joan dira.

Hein handi batetan, emakumezkoak dira era horretako zaintze lanak betetzen dituztenak, oraindik ere gure gizarte moderno honetan menpekotasun egoerak zaintzeko genero arteko berdintasun maila oso urrun dago eta. Hortxe egon daiteke sektore honetako langileak hain gaizki, hain maltzur tratatuak izateko arrazoietako bat. Azken urteotan bere lan baldintzak hobetze aldera eginiko aldarrikapenek erantzun eskasa izan dute, eta bere burua beharturik ikusi dute gatazka luzeetara jotzeko.

Ez da ez egoera isolatu baten gatazkaren bat edo beste. Berdin dio Peralta, Gasteiz, Andoain,Tutera, Leioa edo Zumarraga langileaz hitz egiten dugunean. Bere lanaren aitorkuntza aldarrikatzen dute, lan baldintzen hobekuntza tartean dagoelarik noski, eta administrazio publikoen jarrera itxiak duintasunaren aldeko borroka bilakatzen dute gatazka. Merkeagoa omen delakoan,  zerbitzu publiko zuzena eta egokia eskaini beharrean, esku pribatuetan uzteko hautu garbia egin dute gure erakunde publikoek. Ondorioak nabariak dira: emakume langileen lan baldintza eskasak, zerbitzuko kalitatearen gainbehera, kontrol publikoaren utzikeria...

Merkatuko legeen baitan administrazioetako kudeatzaileek esku pribatuen mesedetan aritzen dira gizartearen beharrizanak betetzeko garaian. Bere lan baldintzak mantentzearren, soilik mantentzearren, emakumezkoak protagonista bereziak izan diren  borroketan administrazioen jarrera guztiz bortitza izan da. Emakumeak bere lekuan jarri nahi izan dituzte, menpean alegia, hori besterik ez baitira menpekoak.