Mercedes: malgutasuna prekarizatzeko bide berria denean

2021/07/15
Urdax Bañuelos - ELA Industria eta Eraikuntza
Gasteizko Mercedesen aldi baterako EEE Enplegua Erregulatzeko Espedientea (ERTE) sinatu dute, eta horrek agerian utzi du halako neurriak zertarako erabiltzen diren maiz. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemia hasi zenetik, enpresek gero eta sarriago baliatu dute soilik oso egoera larrietan eta azken bitarteko gisa erabili beharreko tresna hori.

Mercedesen kasuan, EEEa ezartzeko argudioa da ibilgailuen ekoizpenerako osagaien eskasia (txipak) dagoela. ELAk ez du ukatzen arazo hori dagoenik, mundu guztian baitabiltza enpresak ezin halako piezekin hornitu. Haatik, ukatzen duguna da zuzendaritzak eman duen azalpena eta moldea: 2021a bukatu arte ERTE “prebentibo eta irekia” (halaxe definitu dute) ezarri baitu, gehienez ere 30 lan egunetarako eta egutegi zehatzik gabe. Gainera, EEEa, aplikatu nahi den moduan aplikatuta, ez da egoerari irtenbidea emateko modu bakarra izango, hala esan badute ere.

Ez gara zenbait sindikatuk espedientea zergatik sinatu zuten baloratzen hasiko, negoziazioko lehen bileran, analisirako astirik gabe. ELAn gogoeta egin dugu Mercedeseko zuzendaritzaren benetako asmoei buruz eta lantaldean izan dezakeen eraginaz. Eta honako hau ondorioztatu dugu: zuzendaritzaren xede bakarra da malgutasuna handitzea, langileen lepotik produkzioa nahieran antolatzeko. Oraingoan, gainera, beharginak langabezia egoerara pasa ahala, diru-kutxa publikoetako diruz ordainduta.

Malgutasuna eta lanaldiaren banaketa irregularra ia erabatekoa da Mercedesen. Esaterako, aurtengo urte hasieratik gaueko txanda bi aldiz luzatu du zuzendaritzak (lehenik 7 ordu eta erdiraino, eta aurrerago 8 orduraino), eta ondoren atzera ere laburtu; ekoizpenerako ia hamar larunbat aktibatu ditu; txanda bateko jarduera eta produkzioa ia hiru hilabetez murriztu du, eta ondoren lehengora itzularazi; maiatzaren 25a poltsa negatiboan sartu du, baita ekainaren 21 eta 25 bitarteko aste osoa ere. Hori guztia egiteko beta ematen baitio ELAk sinatu ez zuen lan hitzarmenak. Oraingo egoerak arrazoia dugula berretsi du: lehengo lepotik burua.

 

Bada, EEEak malgutasuna areagotu egingo du berriro. Argi dago enpresaren helburua dela urte amaiera arte egutegirik gabe iristea: lan-egunak nahi bezala gehitu eta kentzeko aukera izatea, eta horretan gainontzeko guztiok ikusle huts bilakatzea. Mugarik gabeko malgutasunak xede bakarra baitu: enpresaren etekinak handitzea, langileen kalterako.

Mercedeseko lantaldeak, eta lantegiarentzat diharduten hornitzaile zein enpresa guztietako langileek, ez dakite noiz lan egingo duten; horrela ez dago bizi-proiekturik egiterik; lan- eta famili-bizitza ezin da bateratu. Hona zenbait adibide: soilik 18 orduko aurrerapenez lan-egunak bertan behera utz ditzake enpresak, poltsaren kargu; aski da iragarpena 40 ordu lehenago egitea gaueko txandaren iraupena aldatzeko. Mercedeseko zuzendaritzak komeni zaion neurrira ekoizpena mozteko; bost axola dio horrek lantaldeari eragiten dion ziurgabetasuna.

ELAk irakurketa zorrotz eta kritikoa egin du: EEEa mekanismo larri eta traumatikoa da, muturreko egoeretarako pentsatua, enpresek uste dutenean epe ertain eta luzerako arazoak izango dituztela. Ez da, inola ere, bihurtu behar lanaldiaren banaketa irregularra areagotzeko prozedura. Izan ere, Mercedesek egiten duen moduan bide horretatik joz gero, lan eta gizarte eskubideak desarautzeko, prekarizatzeko eta deusezteko tresna bihurtuko da lan malgutasuna.