Merkealdiko bikaintasuna

2024/01/04
Mikel Larraza - Irakaskuntza Nafarroa
Denbora batetik honera, hezkuntza sistema baten arrakasta izendatzeko gehien erabiltzen hitzetariko bat bikaintasuna da. Nafarroako egungo hezkuntza kontseilariak aukera duen bakoitzean erabiltzen du, esate baterako. Kontseilari izendatu bezain laster egin zuen, eta hala egiten jarraitzen du ohituta gauzkan autokonplazentziazko ariketa bakoitzean, departamentuko buru gisa egiten duen lanari buruz hitz egin behar duen bakoitzean. Duela gutxi, eskola-kontseiluko presidenteak ere "Hezkuntza-bikaintasunarekiko konpromisoa" izeneko gutuna argitaratu berri du.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren perfekzioa bilatzea, ikasle bakoitzak prozesu horretan ahalik eta gaitasun handiena lor dezan, txalogarria bezain asmo handikoa da. Bide horretan, indartu beharreko neurri nagusietako bat irakasleen eta ikasleen arteko harremana da.

John Hattie Melbourneko Unibertsitateko hezkuntza-irakasleak neurozientziari buruzko ikerketa batean (“Ikaskuntza ikusgarria”), ikasleen ikaskuntzan eragin positibo handiena duten faktoreetako bat irakaslearen eta ikaslearen artean sortzen den harremana edo "feeling"-a dela ondorioztatu zuen. Argi dago, beraz, erlazio hori errazteko bidean ratioak jaistea eragin positiboa izanen lukeela.

Bikaintasunerako bidean funtsezko beste elementu bat irakasleei ematen zaien prestigioa da, Xavier Prats-Monnék, Europako Batzordeko Hezkuntzako zuzendari nagusi ohi eta UOCeko aholkulariak, Soriak PISAn beti lortzen dituen emaitza onei buruz egiten duen azterketan adierazten duen bezala. "Ikasleen arrakasta baldintzatzen duen faktore nagusia irakasle onak izatea da. Hori da gakoa. Ranking guztietan azaltzen da. Irakasleek motibatuta egon behar dute ikasleak eta familiak inplikatzeko gaitasuna izateko. Irakasleen profila hobetzea izan beharko luke edozein hezkuntza-politikaren lehentasuna."

Gure erkidegoan, aldiz, gero eta handiagoa da Departamentuak berak irakasleen artean bultzatzen duen motibazio falta. Proiektu eta programa pila gauzatu behar izatera behartzen ditu, interes handikoak izan daitezkeenak, baina behar bezala aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa luketen ordu hornidudarik gabe. Honek, langile horiek aurretik ezarrita dituzten betebeharrei beste batzuk gehitzea dakar. Gregorio Luri filosofo eta Azagrako maisuak berriki Diario de Noticiasi eskainitako elkarrizketan zioen bezala, "Irakasleak kontzeptu berriekin bonbardatu ditugu, eta, aldi berean, burokraziaz bete. Sekula ez da izan orain bezainbestekoa. Gogoan dut batpatekotasunerako neukan gaitasuna nire maisu garaian eta orain, horrenbeste gauza dituzte egiteko…Zama handiegia denean, jendea ahal duen moduan saiatzen da aurrera egiten, batzuetan erantzunak ere asmatu egiten dituzte. Duela urte batzuk Singapurreko politiko bati galdetu nion zer zen ongi egiten zutena. Gakoa, irakasle bakoitzak momentuoro egiten ari dena zergatik egiten duen jakitea dela erantzun zidan."

Horrez gain, irakasleen eros ahalmenaren galera muga onartezinetaraino eraman da azken urteetan. Etengabeko pobretze prozesu baten aurrean gaude. Soldatari dagokionez, kontuan hartzen badugu urteko KPIaren eta soldatek izan dituzten igoeren arteko alderaketa, izan badituzte, erosteko ahalmenaren galera 2010az geroztik, % 16koa izan da (40.000 euroko batez besteko galera metatua). Bestela esanda, azken hamarkadan, irakasleek 15 hilabete musu-truk egin dute lan. Murrizketa hori nolabait konpentsatu ahal izateko, irakasleok batez beste 500 euro gehiago kobratu beharko genuke hilean.

Honi guztiari egungo errealitatea gehitzen badiogu, non azken bi urteetan elikagaien prezioa neurri gabe hazi den (olioa % 73 edo esnea % 45, adibidez) erregaien kostuaren eta EURIBORaren igoerarekin batera, egoera jasanezina bihurtu da.

Arazo horietako asko behar bezalako erreforma fiskal baten bidez konpondu daitezke, Nafarroako egungo eredutik urrun daudenak, neurri erabat eskasak eta bidegabeak onartu berri baitira. Lurralde honetan, zerga-karga lan-errentei dagokie (enpresek baino 4 aldiz zerga gehiago ordaintzen dituzte); enpresek, berriz, Estatu osoko sozietateen gaineko zerga txikiena ordaintzen dute Nafarroan, ondarearen gaineko zerga irrigarria da eta iruzur handia dago soldataz kanpoko errentetan. Nafarroako presio fiskala Europako batez bestekoaren 1.900 milioi euro azpitik dago, beraz, behar bezalako erreforma bat egingo balitz, hezkuntza sistemaren egungo erronkei aurre egiteko adina baliabide izango litzateke.

Irakaskuntzaren bikaintasunera gastua handitu gabe iritsi nahi izatea, inozoa izateaz gain, bidegabea ere bada; izan ere, paradoxikoa iruditu arren, gehiago ez gastatzeak kostu bat daukalako: langile-klaseak, beti bezala, egin behar duen gehiegizko ahalegina.

Gobernu "berri" honek hezkuntzako inbertsioa handitzeko unea da, hezkuntza-sistema osoa eta irakasleen lan-baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu ahal izateko. Aurrekontuak orain ixten hasiko dira, eta funtsezkoa da presio egitea hezkuntzako gastua handitu dadin, etapa guztietan ratioak modu linealean jaitsi ahal izateko, erosteko ahalmenaren berreskurapena aurrera eraman ahal izateko, edo behin-behinekotasuna zein irakasleei aspaldidanik ezartzen zaien lan- eta burokrazia-gainkarga murrizteko.

Bikaintasuna ez da urtarrileko merkealdian topatuko den zerbait.