Multinazionalen txantajeari aurre egingo diogu (Astekaria 145, editoriala)
Europako hainbat enpresetan sindikatuek ordainik gabe lanaldia luzatzea onartu dute enpresen aldetik deslekutzeko mehatxua jaso ostean. Zenbaitek albistea bere hortan eman du, testuingurua aintzat hartu gabe, eta Euskal Herrian ere horrelakorik egiteko aukera aipatu du. Europa eredutzat hartzerakoan, ordea, beste ezer soldatak, enplegu-baldintzak, zergak, gizarte-gastua ez dute kopiatu nahi.
Enpresak deslekutzeko joera modan dago, beraz, eta enpresetan agintzen dutenek gure aldarrikapenak mugatu eta baldintzatu nahi dituzte. Mehatxua argia da: men egin ezean, ba omen doaz. Hori txantajea besterik ez da, eta gainera lan-baldintzen etengabeko gainbehera hasteko egin nahi digute. Murriztapen batek hurrengoa ekarriko luke, eta honek beste bat, etab. Eta ez gara txorakeriez ari, soldatapeko langileen oinarri-oinarrizko kontuetaz baizik: soldata, lan segurua, pentsioak...
Multinazionalek egoera berri hori orokortu nahi dute, eta kontrolpean dituzten hedabideetan zabaldu. Helburua bakarra da: berdin da zein eragin sozial duen, enpresen irizpide bakarra euren egiturei eta beraz, baita langileei ere- ahalik etekin handiena atera behar diete.
Klase politikoak ez ei du amore ematea beste irtenbiderik ikusten; multinazionalen nahietara makurtu eta euren asmoak gauzatzeko behar diren lege-aldaketa edo marko berriak sortzeko prest daude; gero gizarteari sinetsarazi nahi diote beste aukerarik ez dagoela. Askok argi ikusten dugu, ordea, sakoneko helburua zein den: armarik beldurgarrienak erabiliz (kaleratzea eta ezegonkortasuna) eskubideak kendu nahi dizkigute eta errentaren banaketa are gehiago euren aldera eraman. Badakigu deslekutzea gauza ezinbestekoa ez dela; horren aurkako borrokarako prestatzea izango da hurrengo urratsa.