Munduko emakumeok martxan (Astekaria 129, editoriala)

2004/03/01

Emakumeak etxean eta lantokian jasaten dituen bereizkeria, eraso eta baztertze egoerak direla-eta sindikatuok ezin dugu ezikusiarena egin: emakumeak enplegua lortzeko gizonak baino askoz zailtasun handiagoak ditu (langabezian dauden herritar gehienak emakumeak dira); kontratu eskasenak eta lanaldi murritzenak ematen dizkiote; ordainsarietan heren bat gutxiago jasotzen du; emakumeek osatzen dute gizarte-zerbitzu gabezia larriaren hutsunea, eta horrek lanaldi bikoitza izatera behartzen du...

Hori guztia konpondu eta borrokatu beharreko egoera jasangaitza dela adierazteko Martxoaren 8an emakume talde eta mugimenduekin bat egiten dugu kalean, ELAko eta gainontzeko euskal sindikatuetako kideok.

Aurten, gainera, esan daiteke berriro 2005ean izango den emakumeen munduko martxari ekingo diogula: 2000 urtean emakumearen eskubide eta beharrizanak aintzat hartuko dituen bestelako mundu bat eraikitzea posible dela aldarrikatu genuen.

Oraingoan duela lau urte egindako mobilizazioen aldarria proposamen zehatz bihurtuko dugu. Dagoeneko Euskal Herri mailako plataforma bat osatu dugu (aurkezpena larunbat honetan izan da), eta martxaren zentzua ulertzen lagungarri izango den emakumeen karta taxutzeko lanean hasiak gara, helburu hauekin: Bestelako mundu bat posible egiteko alternatiba ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak proposatzea; gizon eta emakumeen nahiz herrien artean berdintasuna oinarri izango duen mundua egingarria dela adieraztea; gure gizarte eredua ezagutaraztea, eta gizartea eraldatzeko ezinbesteko indar garela argi uztea.

Berriro kaleratuko gara martxoaren 8 honetan, 2000tik hona gauzak asko ez baitira aldatu. Baina emakume eta langile garen aldetik gure eskubideak zeintzu diren badakigu, eta gauzatzen diren arte ez gara geldirik egongo.