Munduko PAI-sufritzaileak, elkartu zaitezte

2025/06/20
Juan Pedro Urabayen, irakaslea eta ELAko militantea
Manifestu komunistaren esaldi ospetsua parafraseatuz, beharrezkoa da irakasleok zein ordezkatzen gaituzten sindikatuak, ikastetxeetako zuzendaritzak eta familiak batzea, ikasgaien erdiari eragiten dien Ingelesezko Ikaskuntza Programarekin (PAI) behingoz amaitzeko. Munduko beste herrialde batek ere ez du oinarrizko irakaskuntza unibertsalizatuan ezarrita halako programarik eta sortzen ari den kaltea urtez urte handiagoa da.

Politikariek ez gaituzte programa honetatik salbatuko, Aldaketaren Gobernuak (2015-19) egin ez zuen bezala. Eta gaur egungo Hezkuntza kontseilaria sostengatzen duten bazkideek joan den astean bertan erakutsi dute Nafarroako parlamentuan ez direla gai PAI garatzen duten azken foru aginduak geldiarazteko, ezta programaren ebaluazio zorrotza egiteko ere. Kontseilari sozialistak, eskuineko eta eskuin muturreko oposizioarekin bat eginez, saiakera blokeatu egin du. Ez da harritzekoa oposizioarekin bat egitea, haiek izan baiziren programa ezarri zutenak, D eredua (euskarazko murgiltzea) geldiaraztea eta A eredua (euskarazko irakasgaia duen gaztelaniazko irakaskuntza) murriztea lortu zuten arte. Izan ere, A eredua 90eko hamarkada osoan zehar etengabe hazi ondoren, PAI aukera bakarra izatea lortu zuten Nafarroako 50 herri baino gehiagotan eta 100 ikastetxe baino gehiagotan.


ELA askotan mobilizatu da, jardunaldiak antolatu ditu eta artikulu ugari idatzi ditu gai honen inguruan. Honez gain, helegite kontentzioso-administratiboa aurkeztu zuen PAIren aurka 2014an, baina auzitegia ez zen edukian sartu, eta 37/2014 Foru Dekretua baliozkotu zuen, PAI programa dagokion titulaziorik gabe emateko aukera ahalbidetzen zuena. 2022an, ELAk gorako helegitea jarri zuen atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten merezimenduen lehiaketa eta lehiaketa-oposizioarenn aurrean, PSNk eta oposizioak onartutako PAIren Legea deiturikotik (FL 19/2022) ateratakoak, eta lanpostu horiek gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzea eskatu zuen. Kontseilariak ezetsi egin zuen helegitea 2023an. Alabaina, duela gutxi onartu den 57/2024 Foru Aginduak eragindako kaosa eta protestak ikusita -Parlamentuak geldiaraztea lortu ez duen Foru Agindua-, Kontseilariak adierazpen lotsagarri batzuetan esan zuen eskaintza horietara aurkeztu zirenek bazekitela ezohiko prozesu batera aurkezten zirela, eta orain mahai sektorialak konpondu beharreko arazoa dela.


Baina sufrimendua handituz doa ikasturte bakoitzean. Esaterako, araudi berriarekin, 2024an gorputz-hezkuntzan ingeles-profila duen plaza eskuratu zuten irakasleek orain ikusten dute ez dutela lanik izango, arlo hori ez delako ingelesez emango; bestalde, DBHn gaztelaniaz edo euskaraz fisika ematen dutenek, etorkizunean ingelesez eman beharko dute.


ELAk beti babestu ditu PAIren aurka egin duten kolektibo guztiak: UPNk gobernatzen zuenean lekuz aldatu zituzten eskarmentu handiko irakasle publikoak; sindikatuari esker Gizarte Segurantzan kotizatzea lortu zuten ingeleseko elkarrizketa-laguntzaileak; PAIko plazen ondorioz destinorik gabe geratu ziren ingeles espezialistak; beren kabuz ingelesa ikastera behartu zituzten itunpeko langileak; ingeleseko titulurik ez izateagatik edo PAIren kontra planto egiteagatik kaleratu zituzten irakasleak; Castejongo eskola-komunitate aitzindaria, Nafarroako sindikatu guztien babesa izan zuena PAItik irtetea erabaki ahal izateko. Baita PAItik atera diren gainontzeko eskola-komunitateak, eta ateratzeko bidean daudenak.


Sindikatuak PAIren aurkako ekimenak bultzatzen eta sustatzen jarraituko du. Lehenbailehen irtetea erabakigarria da atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzak gure ikasleengan eragin dituen eta eragiten ari den kalte larriak ahal den neurrian arintzeko.