Nafarroako zerrenda beltza

2003/06/23

Maiatzaren 25eko hauteskundeak erabat ustelak izan dira gogoan zuzenbide-estatua eta demokrazia besterik ez omen dutenei esker, eta ez gara soilik ezker abertzaleko zerrenden debekuaz ari. Espainiako Gobernuak koordinatutako botereek milaka herritarrei galarazi egin die parte hartzeko eskubidea "boza ematerakoan edo hautagai izateko", baina gainera Nafarroan bozketa bera posible egiten duten langileen zerrenda ere nahierara moztu du.

ELAko hainbat ordezkari aspaldidanik hauteskundez-hauteskunde udaletan lanean ari izan bada ere, oraingoan Bera, Lesaka, Lizarra eta Berriozarren "herri batzuk besterik ez aipatzearren", zeregin hauek debekatu egin dizkio gobernadore zibilak.

Bost axola administrazioaren aurrean euren gaitasuna, zintzotasuna eta lanerako gogoa ikusirik lankideek ordezkari hautatu izana. PPrentzat eta bere zerbitzarientzat ELAko izatea eskubideak urratzeko aski arrazoi bada, nonbait. Are okerrago, herritar hauen izena susmopean jarri eta lan egiteko bidea itxi zuen administrazio espainolak helegiterik edo alegaziorik egiteko aukera ere ez die utzi.

UPNk eta PPk benetako "apartheid" sistema osatu dute Nafarroan, herritarren zati handi bat etsaitzat hartzen dituen egitura politiko-administratiboa, lan-harremanetatik hasi eta hizkuntzaraino. Irakaskuntzan, erakundeetan, kulturan eta gizarteko ia arlo guztietan herritarrak bi kategoriatan sailka ditzakegu: eskubide guztiak eta agintea dituztenak, eta besteak bezain nafar eta herritar direnak, baina pentsamolde politikoa medio haiek baztertuta daudenak.

Gobernu espainolak eta Iruñean duen ordezkoak zerrenda beltza osatzen dute bigarren kategoriako izenekin. Lehenago ere honelako jokabideak ikusi izan dira erregimen faxista, diktadura eta antzeko egoerak nagusi diren estatuetan. Baina horiek behinik behin ez zuten beren burua demokratatzat aurkezten.