Nagusikeria, lankidetzaren oztopo
Greba orokorraren inguruan esparruak eta ereduak sindikatu espainolak eta euskal sindikatuak aurrez-aurre jarri dituzte. UGT eta CCOOek beste inorekin adosteko ahaleginik gabe egindako deialdiaren lehentasuna esparru espainola azpimarratzea izan da, eta ez zaie axola izan euskal sindikatuok erabakia erasotzat hartzea. Soilik euskal sindikatuek greba estatuko deialdiaren bezperarako erabakitzean aipatu dituzte interes orokorrak eta elkartasuna.
Elkarlana posible izan dadin, ordea, helburu eta lan-moldeetan ados egon behar da. Zein da grebaren helburua, Aznarren harrokeriari erantzuteko egun bateko geldialdia eskenaratzea? Gure ustez, haratago joan beharko luke, fase berri bat zabaldu beharko luke, beste borroka tankera eta helburu argi batekin: indarrak batuta, erauntsi neoliberalari aurre egitea. Ez dirudi sindikatu espainolek helburu hori dutenik, izatekotan euskal sindikatuekin bestelako harremanak izaten saiatuko bailirateke.
Sindikatu espainolek beren aldebakarreko deialdiarekin bi ondorio lortu dituzte: beren ustezko nagusitasuna azpimarratzea eta greba ostean azalpenak eska ditzakeen inori argibiderik eman behar izan gabe kontzertaziora itzultzeko aukera zabalik uztea. Hortarako, ordea, Aznarrek aukera eman beharko lieke, eta ez litzateke harritzekoa kontrako bidea hartzea, hots, berandu baino lehen oraingoa baino neurri are gordinagoak ezartzea.
Zertarako izango da orduan sindikalismo espainolaren sasi-nagusitasun hori? Ez ote da egokiagoa oraintxe bertatik, egoera are gogorragoei aurre egin ahal izateko, sindikatu bakoitzaren esparrua aintzat hartzen duten aliantzak osatzea?