Pribilegioa aitortu eta eragin

2024/06/06
Kezkagarria da Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainan gero eta diskurtso xenofobo zein arrazista gehiago entzutea. Bereziki kezkagarria da kontuan hartuta jarrera arrazista duten horiek direlako, hain zuzen ere, pertsona migratuez aprobetxatzen direnak haien lan indarra eta gorputzak euren mesedetan erabiltzeko.

Badirudi ahaztu zaigula Europako gizartea zaharkitua dagoela, eta ondorioz, ez dela gai pentsioen sistema publikoari eusteko. Beste modu batera esanda, eskulan handiago behar du sistema horri eusteko. Badirudi komeni zaigula ahaztea espainiar estatuko ekonomiak soilik biziraun dezakeela zaintzen duten emakume horiei esker (orain gehienak atzerritarrak dira eta ez dute legezko kontraturik). Horiei esker joan daitezke enplegu formaleko langileak lanera; bestela, ezinezkoa litzateke. Aberastasuna eta pribilegioak betikotzen dira eta sistema klasista eta arrazista elikatzen ari gara etengabe. Kontuan hartu behar da pertsona horiek urte asko daramatzatela kontraturik gabe lan egiten, kotizatu gabe, eta ondorioz, eskubiderik gabe. Azal beltzeko emakume eta gizonak dira, astean 40 edo 80 ordu baino gehiago dihardutenak lanean. Esplotazioa, esklabotza eta bidegabekeria hutsa da, baina inork ez du onartu nahi.

Europako hauteskundeei begira, gogoan izan Europako pasaportea baduzu, beste askok ez dituzten eskubideak dituzula. Askok ez daukate bozkatzeko eskubiderik. Europan 3 eta 20 urte bitartean bizi arren, berton lan egin eta berton zergak ordaindu arren, bozka emateko eskubidea ukatzen zaie, alegia, ez dute erabakitzeko eskubiderik. Beste behin ere, botoa ematea zurien pribilegioa da.

Beraz, zera eskatuko diet bozkatzeko eskubidea dutenei: erabili ezazue botoa eskuina eta ultra eskuina gelditzeko. Ez da nahikoa esatea ez zarela arrazista, hitzetatik ekintzetara pasatu behar da. Kasu honetan, 2024ko ekainean, premiazkoa da bozkatzea eskuina eta ultraeskuina geldiarazteko; azken batean, faxismoa gelditzeko.