Negoziazio kolektiboa hankaz gora jarri dute gobernu eta patronalek

2014/10/22
2012.Otsailean Madrileko Gobernuak ordurarte ezagutzen genuen Negoziazio kolektiboa goitik behera aldatzeko erreforma egin zuen.

Erreforma hau gogo biziz txalotu zuen patronalak, Madrilgoak eta hemengoak, biak berdinak dira, Gasteizeko gobernuak ere nahiz eta ados ez zegoela iragarri-erretolika hutsa- inolako mugarik ez dio jarri ereforma honen garapenari. Adierazpen politak bai baina erreforma honen eragina mugatuko duen erabaki bakar bat ere ez, zaharrak berri.

Erreformak ELAren iritziz bi helburu ditu; lan kostuak murriztea soldatak jeitsiz eta babes kolektiboa erasotzea. Botere ekonomiko eta politikoek ez dute nahi bere aurrean indar kolektiborik, banaka nahi gaituzte. Gobernu eta patronala ordutik hona jo ta su ari dira helburu hauen atzetik: lan sarien kongelazioa edo soldata jeitsiera, lanaldiaren igotzea, kontratazio berriei lan baldintza eskaxagoak inposatzea, malgutasuna areagotzea etab...

Beraz legea aldatu dela, eta erabiltzeko aldatu dela garbi dago, hau ikusi nahi ez duenak berak jakingo du zergatik ikusi nahi ez duen, baina nahikoa da lan erreforma irakurtzea eta patronal zein gobernu ezberdinen eguneroko jarrerak aztertzea hontaz ohartzeko. Orain egun batzu Nafarroako patronalaren ordezkari batek esan zigun bezala “prestatu zaitezte, guk ere lan erreforma irakurri dugu eta enpresetara goaz lan baldintzak botatzera”. Zilegi da sindikatu bakoitzak bere estrategia izatea, baina tranpa da estrategia hori legea aldatu ez balitz bezala planteatzea. Hau ez da zintzoa.

ELAk erreforma aztertu ondoren garbi azaldu du behin eta berriz, lan erreformari aurre egiteko esparrurik eraginkorrena, ia eraginkor bakarra, enpresa hitzarmenak direla, baina ez ELAk horrela nahi izan duelako Rajoyren lan erreformaren ondorio garbia delako. ELAn horretan ari gara, dagoeneko lan erreforma onartu zenetik 300 enpresa hitzarmen berri baina gehiago sinatu ditugu, enpresa hauetan lan erreforma atetik kanpo utzi dugu. Onartezina da gainontzeko sindikatuek CCOO, LAB eta UGTk egiten diguten kritika, gezurretan ari dira ELAk hitzarmen sektorialak ez ditu alde batera uzten, jakin badakite, batez ere LABek. ELAk lan erreforma onartu zenetik 14 hitzarmen sektorial sinatu ditu, LABek 17, gezurretan ari dira eta badakite. Bada ordua eztabaida antzuak eta gezurrak alde batera uzteko, enpresa paktua enpresa paktua da eta enpresarioek alde bakarrez alda dezakete legea erabiliz, hitzarmena berriz ez, eduki onak dituen hitzarmenak dira lan erreformari aurre egingo diotenak, ez akordio interprofesional, akordio marko sektorial, zubi hitzarmenak eta horrelako ekimenek.

ELAn Patronalak-subentzio publikotik bizi den eta daukan ordekaritza frogatu ezin daiteken patronala- nahi duena aspaldi ikusi dugu: patronalarekin akordioak egiteko hauek inposatzen dituzten edukiak onartzea besterik ez dago, Eusko Jaurlaritzaren eguneroko politikek eta erabakiek argi uzten dute ez daudela langileen aldeko inolako erabakirik hartzeko prest. Bilatu eta aurkitu ditzagun sektore ezberdinetarako egokituriko alternatiba lotesleak, ELAn horretan gabiltz aspalditik, oraindik ez da berandu errealitatera bueltatzeko.Egin diezaiogun aurre lan erreformari modurik eraginkorrenean, enpresaz enpresa indar korrelazioa areagotuz eraikiko dugu benetako alternatiba, sektoriala ala enpresakoa.