Nondik heldu badago (Astekaria 226. Editoriala)
Dagoenekoz abian da datorren urteari begirako negoziazio kolektiboaren prestaketa eta antolaketa. Une garrantzitsua, beraz, aurretikako lana funtsezkoa bihurtzen baita negoziazio prozesua eraginkortasunez bideratu ahal izateko.
Urteroko prestatze lan honi serioski eta zuzen helduaz, ezinbestekoa zaigu testuinguru ekonomikoaren aldagaiak aztertzea, ikuspegi ekonomikoa orokorra izatea, alegia. Bide horretan, kontutan hartu beharra dago azken hamalau urtetan hazkunde ekonomikoaren zurrunbiloan murgildurik gaudela, hazkunde ekonomiko handia, alegia.
Gizarteak sortzen duen ondasun horien banaketa, ordea, ez da zuzena gure idurikoz. Eta hemen dago benetako gakoa. Arlo sozialean, gizartearen beharrei geroz eta diru ekarpen txikiagoak esleitzen zaizkio administrazioetako aurrekontuetan, jendearen beharrak geroz eta handiagoak direnean. Honako politika atzerakoien eraginez, herri xehea, langileak gara kaltetuenak.
Enpresa eta sektore ezberdinetan ere antzeko egoera bizi dugu. Ase ezinak diren enpresariak esku betez ari dira beren poltsikoak betetzen. Enpresetako etekinak geroz eta handiagoak izanik, ondasunak langileokin taxuz banatzeko ez da inoiz abagune egokia, dirudienez. Lehiakortasuna, produktibitatea eta antzerako aitzakiek etengabe atzeratzen dute langileokin ondasunak banatzeko garaia.
Nondik heldu badago. Gure gurekoa dugun negoziazio kolektiboaren tresna taxuzko banaketaren aldeko ikusmiran kokatu beharra dugu. Enpresa edo sektorean, asko dago banatzeko, asko dugu irabazteko. Soldataz gain, prekarietatea, bereizkeriak, azpikontratazioa, lan osasuna eta abar luze bat kokatu behar ditugu aldarrikapenen muinean. Eraginkorrak nahi badugu izan erosotasunaren hautsak astindu eta adorez ekin beharko diogu ekitaldi berri honi.
Testuinguru ekonomiko jakin horretan, berebiziko garrantzia du negoziazio kolektiboaren antolaketak. Horretan gaude eta oraindik gehiago sakondu behar dugu. Langileak antolatzea eta partaidetza sustatzea dira gure armarik indartsuenak, nahitaezko bidelagunak. Bidegabeko egoera hau zuzentze bidean norabidetzeko borondatea badugu, presta gaitezen borrokarako. Gure esku dago.