Nork ateratzen dio etekina hondakinak erretzeari?
Azken berriak Nafarroatik datoz, non hondakinen kudeaketarako plana onartu berri duten. Plan honek, gaikako zabor bilketa lurralde osora zabaldu aurretik erraustegi bat eraikitzea planteatzen du, Montejurrako mankomunitateak egiten zuen organikoaren bilketa selektiboa ere deuseztatu egingo du.
Baina gezur asko daude “behar” honen atzean. Teknologia egokiarekin hondakinen %100 birziklatu daiteke, atez ateko zabor bilketatik hasiz. Erraustegiaren jarraitzaileek atez atekoaren aurka erabiltzen duten aitzakia nagusia zabortegiaren beharra da. Ez dute esaten ordea erretzen diren hondakinetatik sortzen diren errauts eta hondakinentzat erraustegiak ere zabortegia behar duela.
Hondakinen balorizaziotik (erretzetik) ateratzen den energia berriztagarria dela ere esaten dute, hondakin organikoak errez sortzen den energia berriztagarritzat hartzen baitu Europar Batasunak, nahiz eta gas naturala erretzea baino kutsagarriagoa den. Energia berriztagarria iturri agortezinetatik edo birsortzeko gaitasuna dutenetatik ateratzen dena da. Erretzen diren hondakinak, birsortu daitezkeen material nahasketa bat dira (plastikoa, beira, egurra, papera, materia organikoa,...). Hondakin hauek birziklatuz erregeneratzen dira. Erre eta errauts bihurtzen baditugu jada ezingo dira errekuperatu. Gainera hondakin hezeak eta energia kalorifiko gutxikoak erretzeko gas naturala gehitzen zaie, beraz, sortzen duten energia, neurri handi batean, gas naturaletik eratorria da.
Erraustegiaren defendatzaileek esaten duten beste gezur bat: “erraustegia ez da kaltegarria”. Ez da egia. Eragin handia du osasunean eta ingurumenean. Hondakinak erretzeak kutsatzaile toxiko asko sortzen ditu eta hauek errautsetan kontzentratzen dira eta atmosferara ere igortzen dira. Kutsatzaile toxiko hauen artean daude dioxinak, furanoak, merkurioa, beruna, metal astunak, gas azidoak eta arnastu daitezkeen partikula ultra finak. Toxiko hauek jaiotzatiko malformazioak, fetoaren malformazioak, inmuno-sisteman, hormona-sisteman eta nerbio-sisteman nahasteak, kalte neuronalak, eta arnas eta bihotzeko gutxiegitasunak sor ditzakete besteak beste.
Eta nola, guzti hau jakinda, jarraitzen dute Euskal Herriko administrazio gehienak erraustegia defendatzen? Erantzuna ez da berria: guzti honen atzean gutxi batzuentzat soilik onura dakarren negozioa dago, betikoentzat negozioa.
Negozioa hau diru iturri bat baino gehiago izateko dago antolatua. Lehen pausua azpiegituraren eraikuntza, martxan jartzea eta mantenimendua esleitzea da. Hau obra publiko handi guztietan gertatzen da. Eraikuntza enpresak, kontsultorak eta zerbitzu enpresek eratzen dituzten enpresa talde handiei azpikontratatzen zaizkie. Hauek eramaten dute lan mota hauetarako jartzen den diru publiko guztia. Bigarren onura erraustegiaren aktibitatetik dator. Lehenik mankomunitateek eramaten duten zaborra jaso eta erretzeagatik kobratzen dute. Eta ondoren, beraiek “berreskuratze energetikodun balorizazioa” deitzen dutena dator. Izatez, gas naturala gehituz hondakinak erre eta sortutako elektrizitatea energia berriztagarri gisa saltzean datza, eta legeak beraien negozioa babestu eta energia berriztagarritzat hartzen duen arren... ez da berriztagarria! Energia berriztagarria sortzearen onura enpresek diru publikotik jasotzen dituzten dirulaguntzetan eta saltzerakoan petroleoa, gasa eta ikatza erabiliz sortutako energiaren aurrean duten lehentasunean dago. Negozio borobila!
Jarduera honen inguruan montaturiko lobby ekonomikoari ez zaio interesatzen hondakinak gaika jasotzea eta ahalik eta gehien birziklatzea, horrela ez baitzuten zer errei zango eta negozioa bukatuko litzaieke. Eta administrazioek ez dute interes orokorra defendatzen, alderantziz, interes ekonomikoen zerbitzura daude. Horregatik ez duten 3Ren alde egiten: gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Birziklatze tasa handitzea posible da hondakinak gaika jasoz gero eta gaur egun birziklatzen ez diren materialak birziklatuz. Horregatik ELAk exijitzen du benetako hondakin gutxitze eta birziklatze politikak eta erraustegien proiektuak behin betiko bertan behera uztea.
Ainhara Plazaola
Ingurugiroa