BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA
Oinarrizko zerbitzu bat esku pribatuetan
Duela hogei urte luze oinarrizko zerbitzu batean hasi nintzen lanean, adin txikikoentzako Esku-hartze Sozialean. Sektore honetan 4.800tik gora langilek Bizkai guztian zehar hainbat zerbitzu eskaintzen dugu: aisialdia, ingurumena, lan-orientazioa, drogomenpekotasunak, gizarteratzea, babes egoerak... Uneotan borrokatzen ari gara Aldundiak, Jaurlaritzak edo udalek azpikontratatzen dituzten elkarte, fundazio eta kooperatibetako beharginen lana aitor dadin.
Bi hamarkada hauetan lan publiko bat egin izan dut, baina lan publiko hori gero eta sarriago enpresa pribatuen bidez kudeatzen da. Garai batean esku-hartze soziala karitatearekin, altruismoarekin eta bolondresen lanarekin lotzen zen. Lan- eta gizarte-eremuko aldarrikapenei esker sektore hau profesionalizatu egin da. Haatik, kudeaketa esku pribatuetan ari dira uzten, xede bakarra negozioa egitea baita.
Gogora dezagun sektorearen egoera gaur zein den: Bizkaiko Esku-Hartze Sozialean zerbitzuen % 70 udalen ardurapean daude, eta gainerako % 20 Aldundiaren esku. Hala ere, zerbitzuen % 90 kudeaketa pribatukoak dira: sektoreko 600dik gora enpresen artean 47 baino ez dira publikoak.
Adin txikikoen arretan titulartasun publiko eta kudeaketa pribatuko 47 zentro daude. Honek esan nahi du adin txikikoekin lan egiten dugun zentroen ia % 80 esku pribatuetan dagoela.
Pribatizazioa medio lan-baldintzak okertu egiten dira. Hau egiaztatzeko aski da datu bat ezagutzea: administrazioak zuzenean kontratatutako langile baten hileko oinarrizko soldata nire moduan azpikontrata batean diharduen batena baino 1.000 euro handiagoa da. Kontziliazio aukerekin eta baldintza sozialekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Esaterako, gaixotasun arruntagatiko bajan egonez gero ez dugu % 100erainoko osagarririk jasotzen.
Gainera, gure lan-hitzarmeneko baldintzak 2021etik hona izoztuta daude.
Ez da ahaztu behar laguntza behar duen jendearekin lan egiten dugula; nire kasuan adin txikikoak, kasu gehienetan bizitza errazik izan ez dutenak, eta irtenbide eta aukera bila dabiltzanak. Biziari garrantzia eman eta erdigunean kokatzeko hor gaude eremu sozialeko langileak. Gu bezalako profesionalok uste dugu jendeari bizimodua hobetzeko prozesuan laguntza emateko modua badagoela. Baina baita ere hori behar bezala egiteko baldintza duinak behar ditugula.
Horregatik, azken urteetan bestelako eredu baten alde ari gara, sektoreko langileek behar dituzten lan- eta gizarte-arloko hobekuntzak bermatze aldera; halaber, eredu horrek lan egiten dugun pertsona horien beharrizanak artatzeko izan behar du, arreta, laguntza, zaintza eta hezkuntzarik egokiena eskainiz.
Egungo egoera dela eta, premiazkoa da eztabaidaren erdian kokatzea sektoreko profesionalek egunero eskaintzen duten zaintza eta arta profesionalizatua. Paradoxa da gure lan-baldintzen eta kalitatezko zerbitzuaren alde greba egiten dugunean Eusko Jaurlaritzak abusuzko zerbitzu minimoak ezartzea, zerbitzua oinarrizkoa delako. Alabaina, urteko beste egun guztietan “hirugarren sektorea” delako hori besterik ez gara haientzat.
Arlo sozialeko profesionalok azken urteetan gure lanaren defentsa, publifikazioa eta aldaketan aurrera egiteko benetako urratsak aldarrikatu ditugu. Horregatik, ezinbestekoa da arta-ratioa eta enplegua hobetzea, eta sektorea arautzeko dekretu berriak garatzea, dauden beharrizanei irtenbidea emango dietenak.
Erosahalmenaren %15 galdu dugu; partzialtasun tasa handiekin ari gara lanean, eta horrek antzinatasunean kalte eragiten digu, hau proportzioan murrizten baita; gainera, arreta hobea ematea galarazten digu. Bajak ez dira lehen egunetik ordezkatzen, eta urte hasieratik lan-egutegirik ez daukagu. Ezin ahaztu, bestalde, sektore honetako arrisku psikosozial handiak: arazo honi ez dio inork aurre egin nahi, ez patronalek, ez enpresa eta erakunde publikoek ere. Zerbitzuetan prebentzio-berme nahikoak eman behar dira, osasun mentala ziurtatzeko. Honela, arrisku espezifikoa ebaluatuz gero, kasuistika horiek behar bezala atzemango dira, baita hori zuzentzeko hartu beharreko neurriak ere.
Tamalez, sektore honetako patronalek, herri-erakundeen oniritziarekin, kontziliazio prozesuei ekiten diete sakoneko arazori heldu gabe: arta-eredua eta lan-baldintzen inguruko edukiak.
Eutsi borrokari, eredu publikoa aldatu behar baitugu gehien behar duen jendeari arreta duina bermatu ahal diezaion.