Paradigma berriaren bila (Astekaria 159, editoriala)

2005/05/23

Apirilaren l7ko hauteskundeen ondoren normalizazio politikoa eta baketzea dute alderdi gehienek hizpide nagusi. Esparru politikoan, eliteen garaia ireki da, horien artean, "triangelua" osatzen duten eliteena: nazionalismo instituzionala, ezker abertzalea eta alderdi sozialista. Hauteskundeek hiru erpinen indar erlazioaren argazki bat eman dute, hirurek ontzat eman dutena. Berri ona, bakerako bideak txukuntzen hasteko balio baldin badu.

PSOE da erosoen senti daitekeena. Hartzen diren trazak berretsiz gero, prozesu horren edukiak, norabideak eta denborak Estatuaren esku gelditzen dira neurri handi batean. Bestalde, EAEko agenda politikotik gai garrantzitsu batzuk desagertu egin dira. Autodeterminazioaren eta kontsultaren horizontea, adibidez, sine die zokoratu da. Ez Katalunian, ez Euskal Herrian, ez da kontsultanik egingo, eliteen artean adosturiko gai bat berresteko ez bada, elite horietan PPk edota PSOEk direlanik.

Koadro politiko eta juridikoaren eztabaida kuantitatiboa izango da (zenbat konpetentzia), erabaki esparrua bakarra delarik (Estatuarena). Horretan datza estatu ituna, egunotan Katalunian garbi ikusten ari garen bezala.

Estatuarekin hasiera-hasieratik negoziatzea bide zilegia da, eta desiragarria, bake-bideak irekitzen baldin baditu. Baina paradigma horren mugaz ere pentsatu behar dugu, dinamika horrek gai asko eta oso garrantzitsuen zokoratzea dakarrelako, nahi eta nahi ez.

Herri borondatearen errespetuari eta gizarte ereduari dagokienez, bakegintzan saiatzen ari diren erpinei errespetua zor diegu, baina hauek ere onartu bebarko dute gizartegintzan, herrigintzan murgilduta dauden beste mugimendu eta agente batzuk helburu eta hautu propioak dituztela, eta beste bide batzuk urratzeko zain gelditzen direla, hortarako itun zabalak eta berriak beharko direla, betiere berriaren adierazpen demokratikoaren errespetua oinarri izanda.