Pasiboak: bezerokeria eta laidoak

2007/02/14

UPN-CDN gobernuari esker Administrazio Publikoetan gero eta gehiago gertatzen ari diren prekarietatea, pribatizazioak, laidoak eta abarrak, gutxi balira, orain eskubide pasiboekin loturiko guztia dator (jubilazioa, ezgaitasuna, umezurtz edo alarguntasuna eta abar).

Gaur egun, Nafarroako Administrazio Publikoetako (gobernua eta toki administrazioak) 25.000 langile guztiz ezberdinak diren hiru sistemen azpian daude (Gizarte Segurantza, Montepioa eta Estatuaren pasiboak). Hau honela izateak ezin konta ahalezko arazo eta laidoak ekarri ditu. Nafarroako Gobernuak ez dio inoiz arazoari aurre egin nahi izan, eta ez entzuna egin du sindikatuen eskaeren aurrean. Transferentziak jaso zirenetik, hau da, 90 urteetatik, Gobernuak uko egin dio Nafarroako bertako sistema propio bat eratzerari, nahiz eta modu horretan gatazkak saihestu eta prestazioak eta baldintzak batuko ziren.

Inon utzikeria agerikoa bada, ordea, Montepioetan da agerikoa. Sistema honek Nafarroako Gobernuaren eta Toki Administrazioaren menpeko 4.500 langile ukitzen ditu. 2003. urtean, hogei urteko atzerapenarekin, eta 10/2003 legearen bidez, sistema iragankor bat arautu zen, ments eta akats askorekin bazen ere, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrera hurbiltzen zena; halaber, eskatzen zen aukeratzea sistema zaharraren eta berriaren artean.

Proiektuak, zenbait sindikaturen aldetik, oniritzia jaso zuen (ELA ez zen alde egon, hain zuzen kotizazioen elkarrekikotasunak ez zituelako ontzat hartzen). Biltzarretik pasatu zenean aldaketa gogortxoa jaso zuen, ukatu baitzen beste hainbat sistema publikotan kotizatutako urteak eta Montepioetan kotizatutakoak metatzea.

Administrazioak ez du 10/2003 legea betetzen, lau urte pasatu direnean indarrean sartu zenetik, ez dituelako oraindik arrisku edo zailtasun bereziko lanpostuak zerrendatu, beharrezkoa zena 55 urterekin aldez aurretiko jubilazioa lortu ahal izateko (hamalaugarren gehigarria 1).

Nafarroako Administrazio Publikoetako Mahai Orokorreko negoziazioetan, sindikatuok behin eta berriz mahaigaineratu dugu pasiboen gaia negoziatzea beharrezkoa zela. Erantzunik ez ordea, zeren 10 hilabete biltzen ibili eta gero, azken negoziazioan, Administrazioak ez baitzuen nahi izan sindikatuen ezein plataformari buruzko deus esan. Gure kezka zen errelebo-kontratua funtzionarioei ere aplikatu ahal izatea, laidoak saihestea, jubilazio-adina aurreratzea, irakasleen aldez aurretiko jubilazioa hedatzea (60 urte edo 35 zerbitzu-urte). Baina zaputza hartu dugu.

Eta hara non, orain UPN-CDNko gobernuak, 2007ko Nafarroako aurrekontuen legea erabiliz, 10/2003 legea aldatu du, 2007. urtetik aurrera sistema publiko bati kotizatutako urteak eta Montepio bati kotizatutakoak metatzea posible eginez, eta modu honetan posible da 60 urterekin jubilatzea, 35 zerbitzu-urterekin eta prestazioaren %100arekin.

Aldaketa hau onuragarria da 2003 urtean sistema berriaren alde egin zuten funtzionario guztientzat, eta alde horretatik biziki pozten gara. Baina neurri honek egiazko kontserbadurismoaren erakusgarri garbia diren aspektuak ditu: hasteko, kaltegarria da sistema zaharrean geratu zirenentzat (ez zielako utzi kotizazio-urteak metatzea, gaurkoekin konparatuz oso bestelako baldintzetan aukera egin behar izan zutenean); eta bigarrenik, egin den aldaketak ez duela baldintza demokratikoen minimorik betetzen, nahiz eta Parlamentuak hartua izan. Ez dio erantzuten interes orokorrari, aitzitik, bezerokeria islatzen du, zenbait goi kargu jakini mesede egiteko egin delako. Eta are okerragoa dena, Negoziazio Mahaia inoreztatzen da, langileei eta beren ordezkariei batere kasurik egin gabe.

Eskandalua da. Kotizazio-urte berdinak izanda, denek ez dute berdin balio. Batzuk 60 urterekin eta %100arekin jubilatuko dira, eta beste batzuek, aurrekoek beste kotizatu arren, urte bat eta bost urte gehiago arteko epean jardunean segitu beharko dute.

Une hauetan, pasiboen gaia guztiz egunerokoa da ez bakarrik UPN eta CDNren zoritxarreko jardunarengatik, baizik eta Madrilgo Kongresuan Funtzio Publikoaren Estatutu berria eztabaidatzen ari delako, eta ontzat eman delako jubilazio partzialari (errelebo-kontratua) atea irekitzen dion testua, funtzionarioentzat. Senatuak onartu behar du orain.

Azkenik, azpimarratu behar da ELAk baizik ez duela salatu UPN-CDNren egintza lotsagarri eta aurkeztezin hau (gainerako sindikatuek ez dute fitsik ere esan) joan den urtarrilaren 22ko Mahai Orokorrean.

Gure aldetik, honako proposamen hau egin genuen:

1.- Mahai orokorrean pasiboen gaia, bere osoan, berriz hartzea.

2.- Ukituei kalteordain ekonomikoa ematea, 2000. urtetik.

3.- Beste epe bat irekitzea eskaintzeko Montepioetako sisteman daudenei, sistema aukeratzeko, baldintzak aldatu direnez.

Juanjo Larraza, ELA-Gizalaneko arduraduna Nafarroan