Patronala, legearen aurka (Astekaria 196. Editoriala)

2006/10/08

Bizkaiko hormigoi eta harrobietako greban jazotako gorabeherak direla eta ELAko bost sindikalisten aurka eskatutako zigor larriak justifikatu egin nahi izan ditu CEBEK-eko idazkari nagusiak, denok, sindikalistak barne, legea betetzera behartuak gaudela argudiatuz. Pentsa zitekeen legearen errespetua hitzetik hortzera darabilen patronala, legeriaren jagole zintzoa besterik ezin zela izan. Oker geundeke, ordea. Bizkaiko hormigoi eta harrobietako greban patronalak izandako jarrera eta hartutako erabakiak aztertu besterik ez dago, ugazabek legalitatearen eremutik oso aparte aritzen badakitela egiaztatzeko. Izan ere, patronalarentzat legeriak jabegoa babesteko eta gatazka sozialen agerpenak itotzeko balio behar du. Ordenu publikora mugatzen den legeria da ugazabek maite dutena.

Legeriaren beste adar batzuk ez dituzte, berriz, inondik ere maite, Lan Zuzenbidea, esaterako, honek ugazaben botere ahalguztidunari mugak jartzen baitizkio. Horregatik ari dira, jo eta ke, Lan Zuzenbidearen eraikina eraisteko lanean. Patronalak bultzatutako lan erreformek asko ahuldu dute langilearen babesa, kontratuen egonkortasuna hondatuz, kaleratzea erraztuz eta merketuz eta, oro har, ugazabaren boterea indartuz. Baina bere xedea burutzeko patronalari ez zaio aski banakako lan harremanen aldaketarekin; aldi berean talde-harremanak eta, bereziki, lan-hitzarmenen negoziazioa bere nahierara moldatu nahi ditu. Eta horretan ari da euskal patronala azken urteotan.

Hori egin zuen, hain zuzen ere, CEBEK-ek harrobi eta hormigoien komenioaren negoziazioan, orain gutxi Bizkaiko kontserba eta gazitzaileenean egin duen bezala: negoziazioaren arauak hautsi, legeak ezarritako gehiengoaren arau demokratikoa hankapean hartu, eta bere sinadura merkeen emateko prest dagoen siglarekin sasi-hitzarmena sinatu. Bost axola horretarako inon diren eta ez diren arau eta legeak txiki-txiki egin behar badituzte. Askoz handiagoa baitu gure patronalak diru zaletasuna lege zaletasuna baino.