Patronalaren lagunak (Astekaria 153, editoriala)
Azken urteotan hutsik egin gabe gertatu den moduan, badirudi Espainiako bi sindikatu nagusiek eta ugazaben elkarteak negoziazio kolektiboari buruzko akordioa sinatuko dutela laster. Eta aurrekoek urratutako bidetik jarraituko duela. Ez da harritzekoa, Cuevas, Fidalgo eta Mendez oso ongi moldatzen baitira; CEOEko buruak oso argi esan du hitzarmena bideratzeko egin duten otordu baten ostean: "elkarrizketak bide onetik doaz, adiskideen arteko kontua baitira". Urte askoan izan bedi.
Guri hiru jaun horiek adiskide izateak bost axola liguke gauza euren artean geratuko balitz, harreman mailan. Baina bada arazo bat: Estatu mailako hitzarmenetarako soldaten igoera finkatu nahi dutela, goi-goitik sektore eta lurralde guztietarako agindua emanez, eta beti enpresaburuen mesedetan (prezioen azpitik, alegia).
Beraz, langileon kezka nagusiak, hots, aldi baterako kontratuak, azpikontraten erabilpen bidegabea, batik bat emakumeek eta gazteek jasaten duten bereizkeria& ez dira konpontzen, eta UGTk nahiz CC OOek ez dute mahai gainean jarri ere. Are okerragoa da, ordea, hitzarmenen inguruko itunaz gainera lan-legeriaren beste berrikuntza bat, hamaikagarrena, prestatzen ari direla. Aitzakia merkea, betikoa, kolokako enpleguaren arazoa konpontzea. Hau ez zuten 1997ko kaleratze merkatuarekin lortu, ezta bata bestearen atzetik etorri diren negoziazio kolektiboari buruzko akordioekin ere.
CEOE, UGT eta CC OO sistemaren atalak dira, eta sistema horren ardatzak, Adolfo Muñozek azaltzen duen legez, ez dira denboraren poderioz aldatzen: erabakigune zentralizatuak, ugazaben pribilegio gero eta ugariagoak, eta diru-iturri publikoen emaria behar duten sindikatu bi. Galtzaileak, beti bezala, langileak. Horixe da "elkarrizketa soziala".