PISA 2006 dela eta

2007/12/11

Ikasleak Ebaluatzeko OCDEren Programa Nazioartekoak ("PISA" izenaz ezagunagoa denak) izan dituen emaitzekin egiten den erabilpen politikoa salatu berri du Hezkuntzaren Nazioartekoak (irakasle eta hezkuntzaren laguntzarako langileen sindikaturik gehienak ordezkatzen dituen nazioarteko federakuntzarik handiena da berau, hezkuntzako sektore guztietan 30 miloi kide baino gehiago biltzen dituena, haur eskoletako irakaskuntzatik hasita unibertsitatera bitartekoak, 390 erakunde afiliatuen bidez 170 herrialdetan presente dagoena). Tamalez, Euskal Herria erabilpèn horretatik at geratzen ez dela ikusi eta salatu behar du ELAk, aurrekoari erantsi behar zaion berezko berezitasun batekin gainera: datuen erabilpen maltzur eta interesatua euskararen irakaskuntzari erasotzeko eta bere aurrerapena eragozteko.

PISA 2006 azken txostenaren argitaratzeak oso oihartzun handia izan du hedabideetan. Nahiz eta herrialde eta hezkuntza sistemen sailkatze huts bat baino gehiago den PISA, komunikabide gehienek horretara soilik laburtu dute txostena eta fenomeno mediatiko bihurtu.

PISA txostenak, hiru urtez behin OCDEko 30 herrialdetan eta beste 27 herrialde elkartutakoetan gauzatzen dena, 15 urteko ikasleen errendimendua neurtzen du irakurketan, matematikan eta zientziatan. Datu baliotsuak eskaintzen dituen txostena da. Hala ere, txostenak ikasle gazte talde batek galdera sorta bati erantzuten dion eraren agerpen bat baino ez du ematen. Ez da inolaz ere inongo herrialdetako hezkuntza sistemaren argazki zehatza.

Hedabideek eta politikoek PISA ikerketaren emaitzak kontextualizatu eta interpretatzen dituztenean hala Euskal Herrian, nola beste herrialdeetan ere-, sailkapenei soilik begiratzen diete, datuak benetan aztertu gabe. Neurri handiagoan edo txikiagoan, ondasun "kalkulagarri" bihurtu nahi dute hezkuntza eta sailkapen ugarietarako gai bilakatu. Horregatik, hezkuntzaren gaineko eztabaida PISA txostenaren sailkapen-taulan lortutako postuaren inguruko eztabaida hutsera murrizten da. Gertaera arbuiagarri honek, askoz ere konplexuagoak diren gaiak era xumeegian eta ez-zuzenean aurkeztea dakar.

Aurreko guztiaren ondorioz, txostenean sailkapen hobeago bat lortzeko helburu kasik bakarra duten erreformak abian jartzeko tentazioa agertzen da. Azaleko helburu bat da hori, kalitatea eta hezkuntzarako eskubidea arriskuan jartzen dituena. Hezkuntzaren konplexutasuna ezin da sailkapen soil batera murriztu, kirola balitz bezala, non ikasle batzuk irabazle suertatzen diren eta beste batzuk galtzaile.

Gainera, beste alderdi bat guztiz salagarria da OCDEk sustatzen duena, eta PISA txostenean zehazten dena bizi dugun mundu komertzial hiperkonpetitiboan hezkuntza sistemek beren helburuak merkatuaren exijentziak asetzera bideratu behar dituztela pentsatzea. Hezkuntza, ondasunak irabazteko ikastea baino zerbait gehiago da. Atzo bezala, gaur ere beharrezkoa da hezkuntza unibertsalizatu, orekatu eta garatua, ikasleak biharko hiritarrak izango direla kontuan hartzen duena, eta ez bakarrik biharko langile gisa tratatzen dituena.