Politika unilaterala eta antisoziala denean ez dago elkarrizketa sozialik

2014/05/05
Elkarrizketa sozialeko mahaiak kaiola bat dira mugimendu sindikalarentzat; bertan sartuta dagoenari jatekoa -finantziazioa- ematen diote, autonomia galtzearen truke; irten ezinik geratzen da, harrapatuta. Mahai horietara joanez gero, figurante izatea onartzen duzu.

Mario Soares presidente ohi portugesak esan duenez, “politikak ez daki ezetz esaten”; botere ekonomikoaren “esana egiten” bakarrik omen daki. ELA bat dator Mario Soaresekin. Agerikoa da gobernuak erre egiten direla erabaki jakin batzuk hartuz gero: erreforma antisozialak, defizitaren muga eta zorraren ordaina sagaratzen duen aurrekontu diziplina ezartzea, demokrazia debaluatzen uztea, murrizketak aplikatzea... Horregatik gobernuak, beren irudiaz kezkatuta daudenez, sindikatuen onespena lortu nahi dute kontsentsu sozialaren itxurak egiteko. Nafarroan Barcinak egoera edozein dela ere lortzen du. CCOOek esan zuen: “elkarrizketa soziala izango da, edozer gertatuta ere”. Barcinak ondo daki CCOOek eta UGTk finantza publikoen zenbateko beharra duten. Beste batzuk ere bai, nonbait.

Urkullu Lehendakariak EAEn antolatu nahi du elkarrizketa sozialaren mahaia, “euskal eredu” bat gauzatzeko. Arinkeria da ELAren mahai horretara joateko ezezko erantzuna azaltzea heziera txarraren ondorio bailitzan. Beraz, ELAk bere posizioaren berri eman nahi du.

Zer da “euskal eredu” hori? Ontzat eman behar al da “elkarrizketa soziala” deitzea desberdintasun soziala areagotzen duten politikak ezartzeari? Sindikatuek laguntza eman behar al diete gobernuei beren erantzukizuna ezkuta dezaten? ELAren ustez, inola ere ez. Elkarrizketa soziala ez dugu berez ukatzen; baina argi diogu ez dagoela elkarrizketa sozialik.

Zer egiten du Gasteizko gobernuak? Gastuari dagokionez, Rajoyrekin defizit publiko maila hitzartu du, baita zor publikoaren ordaina lehenetsi ere (Konstituzioaren erreforma betetzeko). Zor hau etengabe hazten ari da (2013an 378 milioi ziren, eta aurten 800dik gora), berarekin espekulatzen ari diren bankuen onerako (Kutxabank barne). Sarreren aldetik, presio fiskalean europar batez besteko mailarekiko 4.400 milioi euro gutxiago biltzen delarik, PSE eta PPrekin zerga-erreforma bat erabaki du, oso bidegabea eta hutsala, bilduko den dirua aintzat hartuz gero. Bada, aurrekontu-diziplina sakratu bihurtuta eta sakoneko zerga-erreforma bat egitea baztertuz, ondorio bakarrak murrizketak, langabezia, txirotasuna eta desberdintasun handiagoa dira. Bere lehentasunei begiratuta, gobernuaren helburuak ez dira enplegua eta solidaritatea. Ezinezkoa da hala izatea.

Urkulluk Estatuko araudia aplikatzen du, eta hein handian adostuta. Gainera, Gasteizko azken gobernuek Confebaskek, CCOOek eta UGTk defenditzen zuten espainiar araudia ezarrita euskal Lan Harremanen Esparruaren kimua erauzi egin nahi dute -enplegu-politikak, prestakuntza (Hobetuz), lan-osasuna (Osalan)...- Bestalde, Jaurlaritzak dio negoziazio kolektiboak kezkatzen duela, baina bere ardurapeko esparruan, arlo publikoan zegoena eta aurrekontuekin lotura zuzena duten arloetakoa, txikituta utzi du. Estatuan eta Nafarroan bezalaxe.

Gainera, ez dago benetako parte hartzerik, ez kontsultarik, hartu beharreko erabakien inguruan. Guztion izenean erabakiak hartzen dituen eliteak Kutxabank pribatizatu nahi du, eta aspaldian prestatutako prozesu batean sartuta dago, non faltsukeria eta engainua nagusi diren. Politika oraingoan ere eskuak lotuta ageri da, eta arrazoia ematen dio bide batez Botini; honek duela bost urte esan zuen “kutxak deuseztatu beharreko anomalia bat dira”. Halere, Alemanian zergatik ez dituzte kutxak ukitzen? Zer dela eta ez dute erabaki larri honen inguruan gizartean debate bat egiterik nahi? Inor ez dago derrigortuta; hori gezurra da. Bankarizazioaren hasieratik xedea kutxak pribatizatzea zen. Galdera bat datorkigu burura... Kutxabank pribatizatzeko erabakia babestea ere elkarrizketa sozialaren eginkizuna ote da? CCOOek, bederen, ontzat eman du.

Hau guztia ikusirik... zer geratzen da elkarrizketa sozialeko mahaietarako? Esaterako, patronala diru publikoz laguntzeko erabakia, baina ez diru horrekin lanpostu berriak sortzeko, kontratu gero eta prekarioagoak egin ditzan baizik. Ikusten denez, benetan garrantzia duten politikak Confebaskekin adosten dira; patronal hau legeaz baino ez da fio, eta emandako ordezkaritza batez baliatzen da negoziazio kolektiboan blokeatu eta betoak ezartzeko, eta lobby gisa jokatzen du soziala den guztia mozteko, betiere diru publikoz finantzatuta dagoelarik.

Zertan ari gara sindikatuok? Egia da egungo indar-erlazioarekin ez garela gauza batzuk lortzeko gai. Hau deitoratzekoa da, benetan. Kapitalaren hegemonia politikan ia erabatekoa da, eta honen erabakietan eragin handia du. Baina zerbait egin dezakegu: Babesik ez ematea. Alternatibei uko ez egitea; botere ekonomiko eta politikoak gidatutako presio mediatikoak arrastaka eraman ez gaitzan saiatzea; disidentziari ezarri nahi dioten estigmaren xantaiari amore ez ematea. Ez onartzea inposatu nahi diguten indibidualismorako zigorra: iparrik gabeko gizartea izateraino, Frantzian bezala, non jendeak nekez bereizten duen Front National eta PS. Neoliberalismoa sekulako sarraskia ari da politikan egiten. Sindikalismoak honi aurre egin behar dio, eta ozen esan: gurekin ez dago hori egiterik.

Hau da politika erreala. Hego Euskal Herrian espainiar eredua hedatu nahi dute, baita elkarrizketa sozialeko mahaiak ere, sindikalismoa bere-berea duen ingurutik ateratzeko: bere klasearen, erreibindikazioaren eta borrokaren antolakuntza. Euskal esparrua ez zaio interesatzen Jaurlaritzari, ez Confebaski, Espainiakoa ez den politika egitea esan nahi badu. Legealdi honen hasieran, ELAk Urkulluren gobernuari proposatu zion -bere garaian Lopezi egin zion moduan- gai partzialak lantzea (Lan-Osasuna, Prestakuntza...) alde bien interesekoak badira, iritsi diren egoera perbertso horretatik ateratzeko. Lopezek ez zuen halakorik nahi. Eta Urkulluk?

Elkarrizketa sozialeko mahaiak kaiola bat dira mugimendu sindikalarentzat; bertan sartuta dagoenari jatekoa -finantziazioa- ematen diote, autonomia galtzearen truke; irten ezinik geratzen da, harrapatuta. Mahai horietara joanez gero, figurante izatea onartzen duzu

Langile-klasearen kezkei erantzuteko sindikalismoaren erronka autonomia da: alderdi, gobernu eta patronalekiko ezin du inolako menpekotasunik onartu. Horregatik errepikatzen du ELAk mugimendu sindikalarentzat gauza gutxiagok duela afiliazioak eta militantziak baino kutsu politiko handiagoa. Hauek biak gabe galdu egiten da, batetik, finantza-autonomia, pentsakera propioa eta aliantzak, alternatibak zein mobilizazioak erabakitzeko askatasuna; bestetik, proiektua gauzatzeko modua ematen duen militantzia. Espainiar estatuan sindikatuen finantzazioarekin gertatzen dena dago eredu desberdinen erroan.

Mahai horietara ez joatea ez da heziera txarraren ondorio. Gobernuek egiten dituzten politikek bihurtu dute ezinezko.

 

Adolfo Muñoz “Txiki”

ELAko Idazkari Nagusia