Polizia Legea, galdutako aukera hori

2017/11/15
Imanol Pascual Ariz, ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna
Polizia Legearen proiektua gaitzetsi da azkenean Parlamentuan; argi geratu da, beraz, gai horrekin loturiko eragile guztiek gogoeta egin behar dutela Nafarroako gizarteak behar duen polizia-ereduari buruz.

Foruzaingoa, bi aldetara banaturiko kidegoa: goi-agintedunak eta agenteak

UPNk hainbat urtetan ezarri izan duen polizia-ereduari jarraikiz Foruzaingoa gero eta polizia hierarkizatuagoa bilakatu da. Goi-agintedunek oso arbitrarietate handia zuten, eta merezimendua edo gaitasuna baino garrantzi handiagokoa zen esanekoa izatea eta abantailak saritzea (goi-agintedunek txanda-plusa jasotzen zuten, txandaka lan egin gabe ere).

Aurreko legealdian ELAk, UGTk, CCOOek eta Afapnak bultzaturiko 15/2015 Legea onetsi zen, Bilduren, PSNren, Aralarren eta Ezker Batuaren botoei esker, eta Geroa Bairen abstentzioaz. Lege haren bidez desegin ahal izan zen, zati batean behintzat, UPNren polizia-eredua, eta soldata-masa modu zuzenago batez banatu ahal izan zen.

Argi dago 15/2015 Legeak kalte egin ziela UPNren garaian hain ongi bizi ziren goi-agintedunei. Ikusi besterik ez dago nola antolatu ziren beren abantailei eusteko. Izan ere, 15/2015 Legea izapidetu zen bitartean agerraldiak egin zituzten parlamentuan, elkarretaratzeak legearen bultzatzaile izan ziren sindikatuen aitzinean... eta ildo horretatik jarraitu dute legealdi honetan ere gobernuari berari ere xantaia eginez (2016ko irailean Foruzaingoko goi-agintedun ia guztiek dimisioa aurkeztu zuten 15/2015 Legearen aplikazioa oztopatu nahian).

Tamalez, eta ELArentzat ulergaitza bada ere, Nafarroako Gobernuak gibel egin zuen, eta goi-agintedun horien eskarien araberako lege-proiektua aurkeztu zuen, haien neurrira eginda. Oraingo Barne zuzendaria eta Foruzaingoko buru, 15/2015 Legearen aurkako protestetan bultzatzaile izandakoa, izan da foru-legearen inspiratzaileetariko bat, urriaren 19an parlamentuan ezetsi zen lege-proiektuaren inspiratzaileetariko bat. Hortxe dago, hain zuzen, gobernuaren eta Beaumont kontseilariaren errore nagusia: urtetan UPNren erregimenari sostengua eman dioten pertsonak kargu horietarako izendatzea.

15/2015 Legeak ez du zertan ekarri Foruzaingoa gibelerantz biltzea

Bilduk eta Geroa Baik pentsatu dute 15/2015 Legeak eskumen gehiago emanen ziela Goardia Zibilari eta Polizia Nazionalari. Hasteko, argudio horrek ez du funtsik, alderdi horiek biek utzi zuten 2015ean lege hori onestea. Bestalde, Foruzaingoaren eragiketa-arazoak ez dautza 15/2015 Legean, lanaldiak arautzen dituen ondorengo foru-dekretuan baizik. Dekretu hori, oraingo legealdian onetsia, goi-agintedunek prestatu zuten, 15/2015 Legea boikoteatzeko eta indargabetzeko asmoz.

Edonola ere, Foruzaingoak eskumen gehiago izateak zerikusi handiagoa du Nafarroaren eta Estatuaren arteko negoziazioarekin, lege horrekin baino. Foruzaingoak eskumen gehiago hartzearen alde dagoen sindikatu bakarra ELA da. Eta gure aburuz, prozesu horrekin batera, gainerako polizia-indarrak gutxituz joan beharko lirateke. Horretarako, gobernuak plantilla EPEen bidez handitu behar du, eta Nafarroari legozkiokeen eskumenak Estatuarekin lehiatu.

Negoziatzeko gaitasunik eza

Negoziatzeko trebetasunik eza ageri-agerikoa izan da legealdiaren hasieratik. Negoziatzeko orduan ez da aski jendaurrean prestasuna agertzea, bestelako jarrera behar da. Kontrastea, konfiantza eta begirunea sustatu behar dira; eta batez ere, edukiak lantzen jakin behar da, azken unera arte itxaron behar izan gabe. Alderdi horiek oinarrizkoak dira negoziazio bati ekin ahal izateko. Ez da beste munduko gauza, ikusi besterik ez dago Iruñako Udalean lorturiko akordioa, azken hitzarmena sinatu zela hamahiru urte geroago lortu da, sostengu oso zabalaz lortu ere, klaseko sindikatuen aldetik zein polizia-korporazioko sindikatuen aldetik.

Gehiengoen printzipio demokratikoa

Parlamentuko izapidetzearen azken fasean Bildu eta Geroa Bai legea onestearen alde agertu ziren, gehiengo sindikalaren sostengurik izan gabe ere. Jokabide hori oso larria da, onartezina ikuspegi demokratikotik, gehiengoak errespetatzea oinarrizko baldintza baita edozein akordio lortzeko.

Lan-baldintzetan eragina duten legeak onestea, gehiengo sindikalaren sostengua izan gabe, “herri-onura” argudiatuz, gobernuak dekretu bidez legeak egitea bezalakoa litzateke, parlamentuan gehiengoak bilatu beharrik izan gabe. Pentsaezina, ezta?

Polizia-eredu berri bat, eskumen gehiagorekin

Polizia-eredua oso atal garrantzitsua da edozein gizarteren antolamenduan. Horregatik, Polizia Legearen inguruko prozesu hori guztia galdutako aukeratzat jo dugu ELAn. UPNren urtetako gobernuen ondoren, ereduaren garapena alderdikoia eta eskasa izan da ezarpenari dagokionez; bada garaia, beraz, Nafarroak zer polizia-eredu behar duen aztertzeko. ELAk Foruzaingoa osoki garatzearen aldeko apustua egin du, giza eskubideak eta ezaugarri hauek zorrozki zaintze aldera: hurbiltasuna, profesionaltasuna, zibil-izaera, genero-ikuspuntua eta herritarren hizkuntza-eskubideak.

Azkenik, ELAk berriz agertzen du bere prestasuna sektore-mahaian lanean jarraitzeko. Badago tarterik Foruzaingoaren eta udaltzaingoen jarduna hobetzeko, eta gu prest gaude Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin negoziatzeko, baina puntu bat argi edukiz: konponbidea ez da etorriko legeak goi-kargudunen neurrira eta lan-baldintzen kontura onestetik.