PPk, UGTk eta CCOOek 155 bat adostu dute zerbitzu publikoen aurka

2018/04/05
Igor Eizagirre, Gizalan federazioko idazkari nagusia
Rajoyk bere aurrekontuak aurkeztu ditu 2018rako, nahiz eta EAJ/PNVren sostengua oraindik ziurtaturik ez eduki; guztiarekin ere, badaki bidaia horretan nor izango dituen bidelagun: CCOO, UGT eta CSIF, martxoaren 9an Enplegu Publikoa Hobetzeko Akordioa sinatu baitzuten.

 

Luze idatzi da akordio horretaz. Sinatzaileen esanetan akordio hori herri-langileen eskubideak eta enplegua berreskuratzeko da; baina ELAk beste ikuspegi bat eman nahi du. Hasteko, akordioa negoziatzeko bileretan ELAri eta CIGi (Galiziako sindikatua) ukatu digute parte hartzeko aukera. Bilera horiek Madrilen egin dira, eta guk legez parte hartzeko eskubidea genuen, han erabakiko zenak eragin zuzena izango baitzuen euskal langile publikoengan.

Delako akordio handi horren edukia jorratuz gero, gabezia nabarmenak ikusten dira: ez dute indargabetu 8/2010 Errege Lege Dekretua (defizita murrizteko aparteko neurriak); ezta 20/2011 Errege Lege Dekretua ere (defizit publikoa zuzentzeko premiazko neurriak), ezta 20/2012 Errege Lege Dekretua ere (aurrekontu-egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena); ez dute deuseztatu Gobernuak ezarritako legeria Estatu osoko milioi erditik gora lanpostu suntsitzekoa (23.000 Euskal Herrian); eroste-ahalmenean izandako %15eko galera itzultzea ahaztu bide zaie, eta baita herri-langileei kendutako lan-eskubide garrantzitsuak lehengoratzea ere.

Dena dela, koska ez dago "ahanztura" horietan, kontua da sindikatu sinatzaileek babesa eman dietela austeritate-politikei, Zapaterok eta Rajoyk krisi-garaian dekretuen bidez ezarritako politikei, eta hortaz salbuespenezkoa zena ohiko eta normal bihurtu dute. Eta txarragoa dena: adostasunez egina. Gainera, akordioa betetzeko, baldintzak jarri dira: autonomia-erkidegoek defizit-helburuak, gastu-araua eta zorpetze-muga bete behar dituzte. Beraz, murrizketak eta austeritatea urte askotarako izango ditugu. Horregatik, Mahai Orokorreko azken bileran Montoro ministroak laguntza eta guzti eskatu zien sindikatu sinatzaileei, gainerako administrazio publikoak behartzeko, aurrekontu-egonkortasunaren mugak betetze aldera, eta horrela akordioa aplikatzeko modukoa izango zen. Horren aurrean zenbait autonomia-erkidegotako ordezkariek, jota harriturik, UGT, CCOO eta CSIFen menpekotasuna salatu zuten, PPren esanetara defizitaren helburuak, gastu-araua eta zorpetze-muga betearazteko prest daudelako. Eta horretaz ari garela, kritika hori ez zen etorri Urkulluren edo Barkosen gobernuetako ordezkariengandik.

Bestalde, akordio horrek Rajoyren gobernuaren, CCOOen eta UGTren esku-sartzea eta zentralizazioa handiagotuko ditu, zeren oinarrizko legeen gehiegizko erabilera mantenduko baita, eta autonomia-erkidegoetako negoziazio-eskubidea baldintzapean geratuko da, defizitaren helburuak, gastu-araua eta zorpetze-muga betetzearen baldintzapean, hain zuzen.

"Akordio handi" horren soldata-igoerari dagokionez, hainbeste goraipatu badute ere, ez da horrenbesterako. Ikus dezagun: herri-langileek eroste-ahalmenaren %15 baino gehiago galdu dute, eta Espainiako Gobernuak lehenengo aldiz lortu du sektore publikoan sindikatuek hiru urteko soldata-akordio bat sinatzea, gobernuak berak markatzen duen BPGaren hazkundearen baldintzapean, eta KPIarekiko erreferentziarik gabe. Gainera, itundutako soldata-igoera %6koa da, hiru urtetan; baina hiru urte horietarako aurreikusten den KPI %4,6koa denez, eroste-ahalmena %1,4 berreskuratuko da. Abiadura horretan 30 urte beharko dira galdutako guztia berreskuratzeko.

Enpleguaren arloan akordioak birjarpen-tasa mantenduko du 2018an. Erretiratuko diren enplegatuak baino gehiago ezin izango dira kontratatu. Hau da, enplegu publikoaren suntsipena ez da geldituko, eta pertsonalaren beharrizanak ez dira hornituko, ezta gutxiagorik ere.

Enplegua egonkortzeko prozesuei bagagozkie, gobernua hauspotu dute Europako epaien zentzagarriaren ondoren. Labur esateko, akordioak argi eta garbi dio prozesu horien ondorioz ezin izango dela ez gastua handitu, ezta pertsonala ugaldu ere. Era berean, finkapen-prozesuak abiarazteko aukerarik ez da jaso.

Lanaldiari buruz, akordioak ez du deuseztatu 37,5 orduko asteko lanaldiaren dekretua, beste lanaldi bat hitzartzeko aukera onartzen badu ere, baldin eta aurrekontu-egonkortasunaren helburuak beteko balira. Hau da, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gastu-araua beteko ez balute, UGT, CCOO eta CSIF gure administrazioetako lanaldia 35 ordutik 37,5 ordura luzatzearen aldekoak izango lirateke.

Ez Gobernuak, ez sindikatu sinatzaileek zabaldu ez dutena etengabeko prestakuntzarena da, alegia, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzaren akordioa berritu dutela. Akordio horren bidez diru publikoa koadro sindikalak finantzatzera joango da. Diru-sail hori, 5 milioi eurokoa, CCOO, UGT eta CSIFen artean banatzeko izango da.

Laburbilduz, akordioaren inguruan zabaldu den susperraldia ez da inondik ikusten: ez da berreskuratuko galdutako eroste-ahalmena, ezta galdutako enplegu publikoa, ezta kendutako lan-eskubideak ere, eta zerbitzu publikoei hainbeste kalte egin dieten lege murriztaileak ia ukitu gabe mantendu dira.

Horiek horrela, ELAk dei egiten die Urkulluren eta Barkosen gobernuei, foru-aldundiei eta toki-erakundeei beren erabakitze-esparrua zain dezaten, eta zerbitzu publikoen aurka elkar harturik doazen Rajoyren gobernuaren, UGTren, CCOOen eta CSIFen jarraibideak bete ez ditzaten. Gure erakunde politikoek erabaki behar dute zer nahi duten: PPren politika antisozialen adar betearazle izatea, azken urteotan orokorrean izan diren bezala, edo aitzitik, gizarte-garapen eta kohesioaren eragile izatea. Eta, jakina, ELArentzat sinesgaitza izango litzateke, eta herritarren aurkako eraso gogortzat hartuko genuke edozein euskal alderdik Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzea.