Presoak eta eragileak (Astekaria 207. Editoriala)

2007/02/19

Euskal presoen egoera eta honen inguruan eragileek egin dezaketena hainbat ikuspuntutatik begira daiteke; ELAk giza-eskubideenetik begiratzen du, lehenik: ez du onartzen sistemak presoak eta senideak nahi bezala erabiltzerik, irizpide politikoen arabera gorrotoa, mendekua eta txantaia irizpide politikotzat onartzen baditugua, behintzat, inolako eskubiderik ez balute bezala.

Halaber, gure sindikatuak ikusi eta jasan ere egiten ditu presoen sakabanaketak eta espetxeratze kondizioek gure jendarteari dakarzkioten oinazea, nekea eta krispazioa. Alderdi honetatik ere, estatuek euskal presoekin daramaten jardunbide ankerrari aurre egin beharra ikusten du. Azkenik, argi du gatazkaren konpontze bidean, presoen egoerak, eta presoek eurek ere, zer ikusia eta zer esana badutela.

Aurreko ikuspuntuak gogoan hartuta erabaki zuen ELAk euskal presoen alde engaiatzea, eta, gorabeherak gorabehera abagune guztiak ez baitira berdinak, bere konpromisoari eutsi dio.

Egia da presoen eskubideen eta aldarrikapenen inguruan bultzatzen diren ekimen eta proklametan nabaria dela, batzuetan, estrategia politiko jakin baten zigilua: euskal presoak parte dituen estrategia politikoarena, alegia; hori, berez, normala da, eta zilegia ere bai; baina onartu beharko da planoen bategiteak ez dizkiela gauzak errazak jartzen estrategia politiko horrekin bat ez datozenei; ezen gauza bat da presoen eta familiakoen eskubideak eskatzea eta preso guztiak lehenbailehen etxeratzearen alde egitea, eta beste bat estrategia jakin batek jarritako arrastotik ibili beharra.

Gaia ez da erraza, baina, ELAren iritziz, presoen auziaz ere beste askotan bezala gutxieneko estrategia hitzartu beharko litzateke, eta horren baitan kokatu urratsak eta konpromisoak. Aldarrikapen honen indartzearen eta hedatzearen alde egingo luke horrelako gutxieneko akordioak, zalantzarik gabe.