Feministak garelako: publikoaren alde!

2023/03/07
Jone Bengoetxea - ELAko Genero atala
Publikoa denaren alde egitea feminista da. Izan ere, esperientziak erakusten baitigu zerbitzu publikoak pribatizatuz gero zaintza familiarizatu egiten dela eta, ondorioz, baita feminizatu ere. Bestela ere azal daiteke hau: zerbitzu publiko bat pribatizatzen denean -horixe da, esaterako, zahar-etxeen kasua-, zaintzaren lana eta kostua zuzenean familiei leporatzen zaie, batik bat emakumeei, eta oso sarri emakume migratu eta arrazializatuei. Adibidez, INEren azken datuek diote emakumeek adin txikiko eta menpeko pertsonak zaintzen astean 38 ordu egiten dituztela; gizonek, aldiz, 23 besterik ez.

Ikusmolde sindikal feministatik, jakinagatik ere agian kutsu sektoriala duela, emakumeok oso gertutik ikusten dugu nola saiatzen diren osasungintza publikoa desegiten; nola egiten den egoitza pribatuetan negozio itzela, edota nola baliogabetzen eta ezkutatzen den arrisku eta zaurgarritasun egoera larrienean dagoen jendearekiko esku-hartze soziala.

Guztiok dugu zaindua izateko beharra, baina zerbitzu publikoak pribatizatuz gero ziurta ote daiteke jende guztiak jasoko duela zor zaion zaintza? Nork ordain dezake egoitza pribatu edo itundutako bat hileko kuota %6 eta %10 bitartean igotzen dutenean?

Etekin ekonomikoa – kalitatezko zerbitzua ekuazioak ez du konponbiderik. Kasu honetan alderdi guztiak ez dira irabazle. Langileek soldata negargarriak dituzte, hilean mila euro inguru, urteko 1.792 orduko lanaldia, ratio onartezinak eta lanak eragindako baja ugari. Emakumeok greba egiten dute, lehenik euren eskubideen alde, baina baita ere zuri eta guri zor zaigun eskubidearen alde: kalitatezko zaintza.

Osakidetzan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresarik handienean, emakumeek osatzen dute lantaldearen %78 (nahiz eta hori ez den zuzendaritza postuetan igartzen); osasun-sistema publikoaren 2023ko aurrekontua 2022koa baino 20 milioi euro urriagoa da. Antza, feminizazioa eta prekarizazioa kasu honetan ere txanpon beraren bi aurpegiak dira. Sektoreko prekaritateak ondorio bat du, lantalde motzegia; ordezkapenak eta hutsuneak ez dira osatzen; behin-behinekotasun tasa %50etik gorakoa da; hamar urtean eros-ahalmenak %20ko galera jasan du; lan-baldintzak murriztu egin dituzte... Eta, ezin ahaztu, aseguru pribatuen kontratazioa gero eta sarriagoa da.

Nafarroan, Osasunbideko errealitatea antzekoa da, eta langileen aldarriek tonu bera dute. Osakidetzan zein Osasunbidean mobilizazio eta borroka soziosindikaleko dinamika bero-bero dago. Hau ere borroka feminista dugu.

Ez ditut ahaztu nahi Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak (paradoxa da, gero, “laguntza” deitzea), ez eta etxeko langile eta zaintzaileak ere; guztiak ezinbestekoak dira gure bizitzak iraungo badu.

Etxez Etxeko laguntzaileek lan-merkatu formalean dihardute, sistema publiko-pribatu batean eta lan-baldintza oso kaskarrekin. Bilboko SADeko lagun batek zioenez, “lana eginez dirua galtzen dut. Lanaldi erdian hileko 400 euro jasotzen ditut. Sarritan goizean bi orduko zerbitzua izaten dut, eta hurrengoa hasi arte bi orduko tartea geratzen zait. Denbora horretan hara eta hona ibiltzen naiz, azkenean kafe bat hartu eta enpresari dirua ematen diot. Galdutako denbora hori ez didate ordaintzen; etxean geratuta areago aurreztuko nuke". Ez dago beste ezer erantsi beharrik.

Ohiko lan merkatutik kanpo, eta banaka zein kolektibo gisa defendatzeko tresna askoz ere gutxiago dituztela, etxeko langile eta zaintzaileak ditugu. Hauek dira esplotazio eta prekaritaterik gordinenaren aurpegia, Atzerritarren lege ankerraren etengabeko mehatxupean bizi direnak; areago badaezpadako egoera administratiboan badaude.

Hala ere, aurtengo Martxoaren 8aren atarian gaudela, mobilizazio eta borroka feminista berriro eramango dugu kalera. Sindikalismo feministak eta ELAk geure aliantzari eta bideari eutsiko diogu, eguneroko lan-borroka eta gatazka feministak abiapuntu ditugula, batez ere publikoa denaren, kolektiboa denaren alde eta kapitalak biziaren aurka sortzen duen gatazka kalean ikusarazteko asmoz.