Salbuespen estatu baten erabakia da (Astekaria 138, editoriala)
ELAk komunikatu batean adierazi duen moduan, Herritarren Zerrenda legez kanpo uzteko erabakiak adierazten du Espainiako gobernu aldaketak "ez duela beharrezkoa zen erregenerazio demokratikorik ekarri". Demokraziak garai txarrak bizi ditu, eta itun antiterrorista bihurtzen da hainbat erabakiren arrazoi: indar espainol nagusiak bat datoz Euskal Herriari eragiten dioten auzietan edozerk balio duela. Eta hala jaso du Amnesty Internationalen urteroko txostenak (Euskal Herrian adierazpen- eta bilera-askatasunaren aurkako mehatxuak, polizi-egoitzetan egindako torturei buruzko salaketa larriak eta atxilotuen inkomunikazioa hamahiru egunetaraino luzatzeko aukera ematen duen lege-erreforma).
Beraz, ELAk bere oharrean hala dio: "Horrek guztiak zuzenbide-estatu batekin inolako zerikusirik ez dauka". HZ bultza duten ia 50.000 lagunei eta botoa emateko eskubidea ebasten zaien herritarrei teorian ei dituzten eskubideak ukatzen dizkiete. Hori ez da zuzenbide-estatua, eta bai ordea salbuespen-estatua.
Badakigu itun antiterroristaren ondorioz estatuak dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela ETAren eta bere ingurukoen aurka (baina etsai hori lausoa da, eta azkenean estatuak bortizkeriarekin inongo loturarik ez duten pertsona eta proiektuak sartzen ditu, gero eta lotsagabeago), eta mundu horren aurka egiten denagatik (torturak, itxierak, legez kanpo uzteak, espetxeratzeak&) estatuan inork ez diete PPri eta PSOEri kargu hartuko. Itun antiterrorista izatezko salbuespen-estatu bat da, "eta horren baitan botereak unean-unean hartutako erabakien arabera pertsona eta kolektiboak eskubiderik gabe uzten ditu".
Erabaki antidemokratiko honen aurkako protesta eta eskubideak ebatsi zaizkien herritarrekiko elkartasuna adierazteko, ELA Bilbon larunbateko manifestazioan parte hartuko du, eta gizartearen aurrean jarraitu egingo du herritar guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzen.