Saldukeriaz (Astekaria 187. Editoriala)

2006/05/21

Erreforma berriaren egileek helburua lan kontratuak egonkorrago bihurtzea dela dioten arren, langilea kaleratzeagatik eman beharreko kalteordaina merketzean datza erreformaren muina; hau da, langileak kaleratzea erraztean. Egia da erreformak lan egonkorra aldarrikatzen duela, eta hau sustatzeko neurriak ere jasotzen dituela; baina neurriok oso dira apalak eta ez diote lan-kontratuen iruzurraren arazoari behar bezala heltzen, hau den arren, ELAren iritziz, langileen egonkortasun ezaren zio nagusia.

Ikusteko dago erreformak lan finkoaren bataz besteko estatistikoa hobetzeko balioko duen, sinatzaileek nahiko luketen bezala. Baina dagoenekoz ikusita dagoena da finkoa deritzagun kontratuaren narriadura areagotuko duela.

Sinatu den erreformaren alderdirik ilunena, nolanahi, Espainiako bi sindikatu nagusiek eman dioten babesa da, menpekotasunetik soilik uler daitekeena. Ezaguna da sindikatu espainiarrek estatuarekiko duten diru-menpekotasuna, administrazioaren diru-laguntzarik gabe kiebrara joko bailukete.

Eta diru-menpekotasunak dependentzia ideologikoaren ondorio larria dakar berarekin; langileentzat kaltegarri diren neurriei aurka egin ezin dietenez, neurrion beharra onartu eta, gehienez ere, ertzik zorrotzenak leuntzera zuzentzen da sindikatuen ahalegina, elkarriketa soziala deitzen dioten antzezpen horretan.