Salgai hutsak

2014/07/30
CEOEk, hots, Confebask eta CENek, duela gutxi argitaratu duen informazio-boletin batean adierazten zuenez, “esan liteke lan-kostuei dagokien lehiakortasun guztia berreskuratu dela”.

Halere, bere helburuak ez dira aldatu. Paragrafo berean zehazten dute: “espero daiteke erreforma laborala eta langabezia tasa altua medio soldatak igotzearen aldeko presioa ez dela handia izango, eta horrela lan-kostuak doitzen jarraitzeko aukera izango da (…) etekin enpresarialak berreskuratzea posible egiteko”. Gainera, CEOEk dio oraindik doikuntza eta erreforma estrukturalei eutsi behar zaiela. Argiago ezin esan: erreforma laboralak ezartzen dituzte langabeziak eragiten duen beldurra nagusi den unean, soldatei ekiteko.

Uztailaren 14an, aldiz, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) esan zuen gutxieneko soldata mantentzea beharrezkoa ote den berrikusi beharra dagoela, “enpleguratzeko aukera ekiditen baitu”. Beraz, soldatarik ordaindu ezean, enplegua infinitua litzateke... Duela ia hiru hamarkada, Ekonomia ministro PSOEko Solchaga zelarik, TVEn Milton Friedmanen saio batzuk eman zituzten (Friedman da egungo neoliberalismoaren ideologoa). Ekonomilari berak New Yorkeko auzo txiro batean afroamerikar bat elkarrizketatu zuen, eta galdetu ea gutxieneko soldata baino ordainsari txikiagoaren truke lan egiteko prest ote zegoen. Jatekoa ere nekez lortuko zuen hark baietz erantzun zion. Egungo gobernu askoren dogma osatu zuen Friedmanen ondorioa erraza zen: “Ikusten al duzue gutxieneko soldatak pertsona honi lan egitea galarazten dion? Enpleguratzeko oztopo diren araudi guztiak ezabatu behar dira”. Neoliberalismoaren xedea bizitza sozial guztia salgai bihurtzea da.

Hori da gero eta orokorrago bilakatu diren fenomenoen helburua: minijob-ak, behar adina luzatzen diren lanaldi partzialeko kontratuak, amairik gabeko orduentzako soldata miserableak, hitzarmena bete ez eta kaleratua izateko beldurrez salatzen ez diren egoerak... Botere ekonomikoak eta politikoak badakite enplegua galtzen denean, ordezko prestazio sozial duinik ez badago, jendeak halabeharrez onartu behar duela edozer eskaintza. Erreformak lan duinaren ordez miseria hedatzeko egin dituzte; lan merkatuan errealitate berri bat ezartzeko, zeinaren osagaia langile pobrea izango den. Errealitate bat non egunero zortzi edo hamar ordu lan eginda ere soldata dezente bat ez den jasotzen. Gobernuek langabeziaren estatistikak edertu nahi dituzte jendea edozer onartzera behartuz. Ez dute enpleguaren kalitatea aipatzen; axola duena da gizarte-segurantzan “altak” pilatzea, argitu gabe “alta” horien atzean enplegu zatikatua eta esplotazioa dagoela.

Neoliberalismoarentzat enplegua galdu edota pobrezian dagoenaren arazoa porrot pertsonala da; errudun bakarra norbanakoa da. Neoliberalismoa suntsitzailea da, eta arrakasta izateko beharrezkoa du indibidualismorik gordinena onartzea; bakartuta gauden banako gisa jokatzea; nork bere burua salba dezala, alegia. Neoliberalismoak, Milton Friedmanen arrastoari jarraiki, estatua zeharo murriztu nahi du, eta guztia negozio pribaturako objektu bilakatu.

Espainiar estatuan krisi bakoitzarekin enpresarioaren boterea areagotu dute. Ez du axola horretarako abiapuntua faltsua izatea; esaterako, errepikatzen dutenean arazoa soldata altuetan datzala. Hori gezur biribila da. Soldatek aberastasun orokorraren zati gero eta txikiagoa dute. Espainiar ereduak enpresario-klase alfer bat sortzen lagundu du, mesede politikoari esker diru asko irabazten ohitu dena.

Gehiago nahi dute: sindikalismoak ere laguntzea. Rajoyk CCOOei, UGTri eta CEOEri eskatu die berritu dezatela 2012-2014 epealdirako Enplegu eta Negoziazio Kolektiboari buruzko Akordioa. Hura bigarrengoz sinatu zutenean Rajoy Moncloara iritsi berria zen, eta CCOO zein UGTren azalpena izan zen beste erreforma laboral bat saihesteko egin zutela. Soldatak jaistearen truke, erreformarik ez, alegia. Hau ez zen bete, ordea. Erreforma egin zuten, eta ez edonolakoa: inoiz ezagutu dugun gogorrena. Orain, PPk Auzitegi Konstituzionalean hatzez hautatuta jarri dituen epaileen esanetan erreforma “konstituzionala” omen da. CEOEk iragarri zuen epaia honelakoa izango zela, baita Auzitegi Gorenak indargabetu egingo zituela ere ultraaktibitateari buruz beste epaile batzuk enpresen interesen aurka emandako ebazpenak. PPk lan itzela egin du botere judizialean, eta bere hooliganak sartu ditu, batez ere areto gorenetan.

Antza beste erreforma laboral bat datorkigu laster. NDFk, EBZk, Europar Batzordeak, Espainiako Bankuak, Aznarren FAES fundazioak, CEOEk... denek eskatzen dute. Langile-klasearentzako zoritxarreko segida honetaz ondorioak ateratzeko gauza ez diren bakarrak CCOO eta UGT ditugu. Finantzatzeko diru publikoaren menpeko dira, eta horrela kateatuta dagoenak ezin du atzera egin. Guztia lehertzen ari diren bitartean (baita eurek sinatzen duten eta aplikatzeko lehentasunik ez duen negoziazio sektoriala ere), akordio estatalak sinatzea beste asmorik ez dute; honelakoek, kontserbagintzakoak kasu, esparru probintzialetan negoziatzea eragozten dute. Hauek dira hitzarmen probintzialen aitzindariak.

Horrenbestez, oraindik amaitu ez diren erreformak iraun dezaten egin dituzte, eta sindikatuon jokalekua erabat aldatu digute, horixe baitzen helburua. Ez da zentzuzkoa ezer gertatu ez bailitzan jokatzea. Erreforma ostean, negoziazio kolektiboan dugun desafioa eduki onak lortzeaz gainera hauek aplikatuko direla bermatzea izango da.

Inoiz ezagutu gabeko erasoa ari gara pairatzen defentsa kolektiboa den guztiaren aurka. Beste leku batzutan ere lehenago honelako erasoak gertatu dira, eta hortik ikasi egin beharko genuke. Sindikalismoaren etorkizunak gako bat du: behingoz konturatzea neoliberalismoa bateraezina dela elkarrizketa sozialarekin; gobernu neoliberalei ezin zaiela babesik eman, eta lantokietara sindikalizazioaren aldeko mezu argi bat eraman behar dugula. Ez digute beste ezertarako aukerarik emango.