Sanzen azken burutazioa (Astekaria 136, editoriala)
Azkenik, nonbait, Espainiako indar politikoentzat mugiezina eta sakratua zirudien Konstituzioan zenbait puntu berritzekotan dira. Ez da harritzekoa, edozein sistema politikotan etengabe aldatzen baitira legeak, baita konstituzioen moduko oinarrizkoak ere, bestela gauza baliogabe eta oztopo huts bilakatuko bailirateke.
Baina goazen harira: Konstituzioa gauza monolitiko, perfektu eta aldagaitza ez denez, hara non datorkigun Sanz Gobernu nafarreko burua, esanez baietz, zerbait aldatuko lukeela. Zertaz ari da? Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorraz, hots, inoiz herritarrek hala erabakiko balute Nafarroa eta EAEk bat egiteko aukera irekitzen duen atalaz.
Eta zer nahi du Sanzek? Xedapen hori kentzea, ezen bere ustez "gure buruen gainean zintzilik dagoen Damoklesen ezpata" baita, "uneren batean herritar nafarrak erotuko balira Parlamentuak Euskadi izeneko beste errealitate politiko batean sartzeko erabakia hartzeko bidea ematen baitu".
Hortxe erakutsi du Sanzek bere benetako aurpegia, demokraziari buruz duen iritzi sendo eta argia: Legeak gizarteari eskaintzen dion aukera galarazi egin behar da, aukera horrek nire uste eta pentsamoldearen aurkakoa baldin bada, bederen.
Ez da lehenengo aldia: Sanzek eta UPNk frogatu digute, Itoizko urtegiaren eraikuntzari buruz izan duten jokabidearekin, legea neurrira moldatu eta aldatzeko ez dutela eragozpenik.
Sanzek badaki bere egitekoa Nafarroa Espainiaren "baluarte" legez defenditzea dela (bide batez, ez al da izen bitxia kulturgune batentzat?). Bere erresuma ez baita mundu honetakoa "nafar herritarrena", adiskide eta babesle hori-gorriena baizik. Horregatik, berak dioen moduan herritarrak zoro-haizeren batek jota egin dezaketen kaltea saihestu nahi du. Errege absolutista bailitzan.