Sasi-igarleak (Astekaria 189. Editoriala)
Lan erreformaren ostean pen-tsioen murrizketa etorri da, iragarrita zegoen bezala. Erreforma hau 1995 urtean PP, PSOE, IU, EAJ eta CiUk sinatu zuten Toledoko Itunak ezarritako arrastotik dator. Arrasto ideologikotik (konpromiso publikoa eta ongizate estatua murriztu eta pentsioen inguruko negozioa sustatu behar dira) eta neurri zehatzen arrastotik (jubilazioa atzeratu, kotizazio denbora luzatu, pentsio-sarien zenbatekoa txikitu).
Txarrena da Toledoko Itunak, alderdi nagusienen babesaz gain, Espainiako sindikatu nagusienena ere lortu zuela. Ez hori bakarrik; hauetako bat, CCOO alegia, Toledoko Itunaren propagandista sutsuenen pare ikusi dugu. Hortaz, inor ez du harritu, gizarte elkarrizketaren aitzakiarekin, murrizketari sindikatuok eman dioten babesak.
Erreformaren abiapuntuan honoko irizpidea dago: gizarte-gastua murriztu behar da, bestela, gizarte-segurantzako sistemaren oreka ekonomikoa arriskuan jarriko baita. Kapitalaren inguruko teknikari eta adituek ezarri duten irizpide honen zuzentasuna ez dute, ordea, datuek berretsi. Alderantziz, Gizarte Segurantza urtero erakusten ari den superabita oso handia da eta, egun, superabit horren zati bat beste gastu publiko batzuk finantzatzeko erabiltzen ari da. Ez da, beraz, inondik inora somatzen hamarkada honetarako "aditu" horiek iragarritako krisi finantzarioa.
Zergatik sinetsi behar genieke oraingoan, 15 edo 20 urte barru sistema krisian egongo dela iragartzen digutenean, orain arte kale egin duten igarleei? Inolaz ere frogatu al dute, bestalde, beraiek aldarrikatzen duten sistema pribatuak babes maila egokia bermatu dezakeenik?
Ez da aztia izan behar babes publikoa urritu behar horren atzean pentsio pribatuak sustatzen dituzten erakundeen interes ekonomiko eta finantzarioak daudela antzemateko. Izan ere, negozio-gai izan daitekeen oro negozioak maneiatzen dituztenen esku uztean datza neoliberalismoaren funtsa. Eta ez, diotena diotela ere, jendearen premiak era egokienean asetzean.